«Boto eta eserleku gehiago dituzunean hobeto gobernatu behar da, eta hori da nire asmoa; boto eta eserleku gehiago dituzunean apaltasun gehiagorekin gobernatu behar da, eta hori ere bada nire asmoa». PSOE Espainiako Alderdi Sozialistaren exekutibak bozen emaitzen irakurketa egin ostean, prentsaren aurreko agerraldia egin zuen atzo Jose Luis Rodriguez Zapaterok. Garaipenari «nahikoa, indartsua eta egonkorra» iritzi dio buruzagi sozialistak. PSOEk orotara 169 diputatu eskuratu zituen,eta aurreko bozetan baino bost diputatu gehiago izango baditu ere, gehiengo absolutura iristeko zazpiren faltan gelditu da. Beste talde parlamentarioen sostengua beharko du, beraz, neurriak aurrera aterako baditu. Zapatero alderdi guztiekin hitz egiteko prest agertu da, eta, akordio «puntualez edo egonkorrez» hitz egiteko goiz dela zehaztu badu ere, ez du baztertu aliantzarik egitea: «Elkarrizketarako gaitasuna sendotzea da nire asmoa; elkarrizketa gehiago eta giro txar gutxiago behar dugu, hitz txar gutxiago eta argudio gehiago».
CiU Convergencia i Unio izango da itxura guztien arabera negoziazio txandan aurreneko alderdia.Josep Antoni Duran i Lleidak jada iragarri du itxaron egingo dutela «presarik gabe» sozialistek euren atera jo arte. PSOEk beste alternatiba batzuk dituela eta joko politikoan ez direla bakarrak jakin badakitela eman du aditzera Duran i Lleidak. Akordioa lortzeko baldintzak zehaztu dituzte convergenciakoek, eta tartean estatutua garatzea dago.
CiUk hauteskunde gaueko azken orduan ezusteko pozgarria izan zuen, eta hasierako emaitzek ematen ziotena baino ordezkari bat gehiago lortu zuten Kongresuan. Orain arte, hamar zituzten, eta, aurrerantzean, 11 izango dituzte. Asteazkenean baieztatuko da, dena den, diputatu hori berena den edo ez. Bartzelonako diputatu bat alderdi batetik bestera dantzan izan zen. ICV Iniciativa per Catalunyatik PP Alderdi Popularrera, eta, bertatik, azkenean, CiUra. Diputatuak 11 botoren aldeagatik egin zuen convergenciakoen alde, baina asteazkenean jakingo da bertan gelditzen den; izan ere, posta bidezko bozen emaitzek baldintzatu dezakete behin betiko emaitza.
BIPOLARIZAZIOA. «Inoiz oposizioko alderdi batek ez zuen horrelako sostengu zabalik jaso». Angel Acebes PPko idazkari nagusiaren hitzak dira: Alderdi Popularra «datozen garai zailen aurrean, erantzukizunaren bermea» izango direla uste du. Orotara 153 diputatu lortu ditu PPk. Mariano Raxoiren etorkizuna gaur exekutiba egitekoa duen bileran erabakiko da. Acebesen hitzetan oso harro daude hark egindako lanaz. Raxoi bera agertuko da gaur prentsaren aurrean.
Hauteskunde hauetan inoiz baino gehiago agerian gelditu da bipolarizazioa, eta, ildo horretan, bosna diputatu gehiago izango dituzte Kongresuan PPk eta PSOEk. Bien artean, 323 ordezkari izango dituzte -orotara 350 eserleku daude-. Boto kopuruan, dena den, handiagoa izan da popularren hazkundea. Aurreko hauteskundeetan milioi bateko aldea atera zioten sozialistek popularrei; oraingoan 900.000 bozetako aldea ere ez diete atera. Acebesen arabera, «moderatuen» botoak jaso dituzte. PSOEk, berriz, «ezker muturreko eta muturreko nazionalisten» botoak jaso dituela uste du. Madrilgo Komunitatean PPk inoizko emaitzarik onenak lortu zituen.
IU Izquierda Unidak ere gaur egingo du exekutibaren bilera. Gaspar Llamazaresek bozen gauean bertan aurreratu zuen kargua utziko zuela emaitzen porrotaren erantzukizuna onartuta. Talde Mistoan arituko da aurrerantzean.
«Alderdi Popularra erantzukizunaren bermea izango da aurrean ditugun garai zailen aurrean»
angel acebes
Alderdi Popularreko idazkari nagusia
«Elkarrizketa gehiago eta giro txar gutxiago behar dugu; hitz txar gutxiago eta argudio gehiago»
jose luis rodriguez zapatero
Espainiako gobernuko presidentea
Zapaterok garaipenari nahikoa iritzi dio eta «guztiekin» hitz egiteko prest agertu da
Raxoik alderdiko buruzagia izaten jarraituko duen edo dimisioa emango duen argituko du gaur PPk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu