Oztopo bat gehiago bidean. Egoera larria da Lesbos uharteko Moria kanpamentuan (Grezia) zeuden migratzaileentzat: kanpamentuak su hartu eta Poliziak errepideak itxi ostean, errepidean ez atzera ez aurrera harrapatuta daude astearte gauetik. Han, Zaporeakek hartu du haiei jaten emateko ardura, beste GKE batzuekin batera.
Orain, ordea, jarduna eten beharko du Zaporeakek. GKEko kideek kontaktu zuzena izan dute COVID-19a atzeman dioten lagun batekin, eta, PCR proba egin bitartean, sukaldea itxi eta berrogeialdia egin beharko dute. Azaldu dutenez, lantaldeko kide guztiek egingo dute testa eta beharrezko segurtasun neurri guztiak hartzen ari dira jada.
Zaporeak ahal bezain laster hasiko da migratzaileei jana ematen berriz ere. GKEak azaldu du kolaboratzaile asko dituztela beste erakunde batzuetan, eta haiek emango dietela proiektuarekin jarraitzeko behar duten laguntza.
Europako migratzaileentzako kanpalekurik handiena erabat suntsituta geratu zen atzo. Ordurako, bigarren gaua zuten migratzaileek aterperik, urik eta janaririk gabe. Greziako Poliziak inguruko herrietarako sarrera-irteera guztiak itxi zituen, eta kanpaleku inguruetan geratzera behartu zituzten migratzaileak, koronabirusa hedatzeko arriskua argudiatuta.
Bien bitartean, Greziako Gobernuak iragarri du ez duela kanpalekua berreraikitzeko asmorik, eta haren tokian «harrera zentro itxi bat» eraikiko duela. Kanpalekuarekin zer gertatuko den jakin bitartean, eta aterpe egonkor bat eraiki artean, hiru itsasontzi bidali ditu Greziak Lesbos uhartera, baina baita istiluen aurkako Polizia eta ura jaurtitzeko kanoi gehiago ere, Lesbosen dagoen Iñaki Agirre kazetariak salatu duenez.
‼El Gobierno Griego trae más antidisturbios y cañones de agua a Lesbos.
— Iñaki Agirre (@ikiagirre) September 11, 2020
Lo que hace falta aquí es ayuda humanitaria y un realojamiento inmediato de las miles de personas que están durmiendo en la carretera en una situación de extrema vulnerabilidad. Y no más violencia. https://t.co/CuVEYu2uil
Elkarretaratzea Gasteizen
Morian gertatutakoaren harira, «Europako Batasunaren heriotza politika» salatzeko elkarretaratzea egingo du bihar Arabako Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundeak (12etan, Gasteizko Ama Zuriaren Plazan). Haien iritziz, «migratzaileekin egiten ari diren tragedia humanitarioak etorkizuneko belaunaldiak lotsaraziko ditu», eta kanpamentuak nazien kontzentrazio esparruekin alderatu dituzte. Azken hilabeteetan migratzaileak ahaztuak izan direla ere gehitu dute, eta, bitartean, okerrera egin duela haien egoerak.