Sorreratik UDC Kataluniako Batasun Demokratikoa alderdia—CiUren barrukoa— independentista dela aldarrikatu dute hainbat militante historikok, eta hori biltzen duen manifestu batekin bat egin dute, Josep Antoni Duran i Lleida alderdiko buruaren tesietatik bereiziz. «Norbaitek esan dezake ez dela independentziaren aldekoa, baina ezin dezake esan Unio ez denik», dio testuak.
Agusti Bassols alderdiko aholkulari ohia eta Josep Maria Vila d'Abadal Viceko alkatea daude manifestuaren sinatzaileen artean. Azken horrek berriki Duran kargutik kentzearen alde egin zuen jendaurrean, eta Kataluniaren independentzia bi edo hiru urte barru lortuko dutela adierazi zuen. «Utzi egin behar zaio Uniok Kataluniaren independentzia ez duela nahi esateari, alderdiaren irudi faltsua zabaltzen baita era horretan», idatzi dute. Izenik aipatu ez badute ere, Durani eginiko erreferentzia da, horrek maiz esan baitu bere alderdia ez dela independentista eta konfederazio baten alde egiten duela.
Gehiengo independentista
Kataluniako gehiengo batek independentziaren ideia babesten duelakoan daude manifestuarekin bat egin duten UCDko kideak, eta hori lortzea posible izango dela. «Ziur gaude gure herriaren gehiengoaren nahiak, modu demokratikoan eta baketsuan adierazita, beharrezkoa den Kataluniaren independentzia posible egingo duela, eta EB Europako Batasuneko estatu bat gehiago izango dela», aldarrikatu dute.
Bestalde, Errepublikaren garaian UDCko buruzagi izan zen Manuel Carrasco i Formigueraren irudia ekarridute gogora, haren lanak alderdiaren berezko izaera agerian uzten duela argudiatuta. «Erabateko independentzia emango duen estatu berri baten alde» lan egin zuela nabarmendu dute. Frankistek 36ko Gerran fusilatu egin zuten. Horrez gain, 1931n alderdia sortu zenean «Konfederazio Iberiarra» defendatu zutela adierazi dute, eta horrekin aurrez Kataluniaren independentzia eskatzen zutela.
Iazko irailaren 11n, Kataluniako Diada egunean, idatzi zuten manifestua, eta 1940ko hamarkadan alderdian sartu ziren hainbat kide historikok sinatu dute.
Zatiketa Unioren barruan
Duranengandik bereizi dira, eta Kataluniaren independentzia eskatu dute alderdiko hainbat kide historikok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu