AEB-ak

Zazpi lagun hil dituzte AEBetan, hiru tiroketatan

Taberna batean hiru lagun hil ditu beste batek Wisconsinen. Austinen eta Chicagon ere izan dira tiroketak, eta Polizia horien egileen bila ari da. Urtea hasi zenetik, 150 tiroketa izan dira AEBetan.

Hiru lagun Poliziak itxitako eremuari begira, iragan ostiralean mezularitza enpresa batean izandako tiroketaren ostean, Indianapolis hirian. ETIENNE LAURENT / EFE
2021eko apirilaren 19a
12:33
Entzun

Azken orduetan izandako hiru tiroketatan gutxienez zazpi lagun hil dira AEBetan. Wisconsin estatuan izan da horietako lehena, Kenosha hiriko taberna batean. Hiru lagun hil, eta beste hiru zauritu ditu erasotzaileak, hiri horretako sheriffak jakinarazi duenez. CBS telebista kateak emandako informazioaren arabera, aurrez pentsatutako erasoa izan da.

Beste hiru lagun hil dituzte Austinen, Texas estatuko hiriburuan. Poliziak ez du erasotzailea atxilotu, eta, azaldu duenez, operazioa zabalik dute oraindik. Austingo poliziaburu Joe Chaconek herritarrei kontuz ibiltzeko eskatu die.

Polizia ikertzen ari da Chicagon, Illinois estatuan, izandako tiroketa bat ere. Zazpi urteko haur bat tiroz hil dute bertan, eta larri zauritu dute haren aita. Auto baten barruan zeuden biak, janari lasterra saltzen duten jatetxe bateko ilaran, eta tiro egin diete.

Suzko armekin egindako erasoak erregistratzen ditu GVA Gun Violence Archive erakundeak, eta, horren arabera, urtea hasi zenetik 150 tiroketa izan dira AEBetan, eta 45 tiroketa masibo izan ziren martxoan. Azken asteetan ugaritu egin dira halako gertakariak, eta armen jabetzaren inguruko eztabaida azaleratu dute berriz.

Joe Biden presidenteak Armen Legeari moldaketak egiteko asmoa adierazia du, eta, besteak beste, aurrekariak dituztenei armak izateko baldintza gogorragoak jarri nahi dizkie. Hala ere, gaiaren inguruan egiten dituen proposamenei bide motza aurreikusten zaie. Izan ere, Senatuak onartu behar lituzke, eta, Alderdi Demokratak gehiengoa badu ere, gutxienez hamar diputatu errepublikanoren babesa behar luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.