17:00ak aurretxoan ekin diote poliziek Said eta Cherif Kouachi anaien kontrako erasoari, eta minutu batzuk geroago sartu dira Paris ekialdeko koxer saltokian. Dammartin-en-Goeleko inprentan leherketa eta tiro hotsak entzun dira hainbat minutuz, eta Poliziak jakinarazi du asteazkenean Charlie Hebdo astekariko langileei eraso egin izanaren susmagarriak hil dituztela operazioan. 26 urteko gizon bat zuten bahitua, eta hura libre utzi dute.
[Youtube]http://youtu.be/Y8MJzS5Sxqw[/Youtube]
Porte de Vincenneseko koxer saltoki batean, berriz, bost lagun bahitu dituzte. Montrougen udaltzain bat hil zuen gizon bera da bahitzailea —hedabide ugariren arabera, Amedy Coulibaly zuen izena—, eta mehatxatu du Kouachi anaiei joaten utzi ezean bahitutakoak hilko zituela. Anaien kontrako erasoalditik minutu gutxira sartu da Polizia saltokian, eta, Poliziak zabaldutako informazioaren arabera, hil egin dute bahitzailea. Informazio batzuen arabera, bahituetako hiru hil dituzte, baina lau direla diote beste hainbat hedabidek. Gizonak Kouachi anaiekin harremana zuela ere zabaldu dute.
Dammartin-en-Goelen tiro eta leherketak hasi dituzte http://t.co/BXLA3qVuDEpic.twitter.com/sWN8gWW5CZ
— Berria.eus (@berria) January 9, 2015
Koxer saltokia Rosiers kalean dago. Kale hori ezaguna da juduentzako hainbat saltoki daudelako; 1982an atentatu bat izan zen kale horretan. Zenbait iturrik jakinarazi dutenez, denda dagoen eraikina husteaz gain, kale osoko saltokiak ixteko eskatu die Poliziak dendariei. Inguruetan izua ere zabaldu da, eta Trocadero plaza ezaguna hustu behar izan dute alarma faltsu bategatik.
'Charlie Hebdo'-ren kontrako erasotzaileak, gotortuta
Charlie Hebdo astekaria bortizki jo zuten ustezko erasotzaileen ehiza operazioaren hesia goizean estutu da. Kouachi anaiak atxilotzeko operazioa martxan jarri du Frantziako Gobernuak goizean, eta Dammartin-en-Goel herriko enpresa batean inguratuta izan dituzte. I-Tele katean eginiko adierazpenetan, Yves Albarello UMPko diputatuak azaldu du bi susmagarriek "martiri gisa" hiltzeko nahia adierazi dutela.
BFMTV telebista katearen arabera, 08:40an Kouachi anaiek autoa indarrez kendu diote Montagny-Sainte-Felicite herriko emakume bati, eta hark eman dio abisua Poliziari. Handik minutu gutxira tiroketa izan da Dammartin-en-Goele herrian, Poliziaren eta ustezko erasotzaileen artean.
Ordu nahasiak izan dira bi lagunek Charlie Hebdo aldizkariko langileei eraso zienetik. Biharamunean, polizia bat hil zuten Montrougen, zirkulazio istripu baten ostean pertsona batek hura tirokatu ostean, eta bi meskitari eraso zieten. Manuel Valls Frantziako lehen ministroak baieztatu du astekariari eraso egitearen susmagarriek eta Montrougeko tiroketakoak elkar ezagutzen dutela.