Hong Kong

Zazpi pertsona atxilotu dituzte Hong Kongen, Segurtasun Legea baliatuta

Atxilotuen artean daude Jimmy Lai enpresaria, haren bi semeak eta Next Media komunikazio taldeko zuzendaritzako hainbat kide.

Jimmy Lay enpresaria, Hong Kongen, atxilotu berritan. VERNON YUEN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 10a
09:28
Entzun

Goizaldean egin dituzte atxiloketak. Lekukoen arabera, hamar bat polizia joan dira Jimmy Lairen etxera, hura atxilotu eta miaketak egitera. Lai ez da izan atxilotu bakarra: operazio horretan bertan, beste sei pertsona ere atzeman dituzte, tartean komunikabideetako enpresariaren bi seme eta Next Media taldeko zuzendaritzako hainbat kide.

Next Media taldeak argitaratzen duen Apple Daily egunkariaren arabera, Segurtasun Legearen 29 artikulua aintzat hartuta atxilotu dituzte. Artikulu horrek gerra sustatu, hauteskundeetan esku hartu edota gorrotoa sustatzeko atzerriko erakunde edo instituzioekin elkarlanean aritzea zigortzen du. Artikulua urratzen dutenek bizi osoko kartzela zigorra jaso dezakete.

Ez da lehen aldia Lairen aurkako karguak aurkezten dituztela. Enpresaria lehendik ere auzipetua zegoen iazko protestetan parte hartzeagatik. Enpresaria atxilotzeaz gain Apple Daily egunkariko erredakzioa ere miatu du Poliziak, eta lekukoen arabera hainbat material eraman du.

AEBek Hong Kongeko Gobernuaren aurkako zigorrak onartu eta hiru egunera heldu da polizia operazioa. Etxe Zuriak ostiralean iragarri zituen Carrie Lam gobernuburuaren eta haren gobernuko beste hamar kideren aurkako zigor ekonomikoak, «errepresioa bultzatzea» egotzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.