Abortua

Zeelanda Berriko Ordezkarien Ganberak abortua despenalizatu du

«40 urtez, abortua izan da Zeelanda Berrian delitutzat jo den medikuntza prozedura bakarra. Gaurtik aurrera, osasun auzi gisa hartuko dugu», adierazi du Andrew Little Justizia ministroak.

Abortuaren aldeko ekintzaileak, Australian. EFE
2020ko martxoaren 18a
12:42
Entzun

Zeelanda Berriko Ordezkarien Ganberak abortua legeztatzeko erreforma bat onartu du, eta, hortaz, gaurtik aurrera ez dute delitutzat joko: haurdunaldiaren lehen hogei asteetan emakumeek ez dute justifikaziorik eman beharko hori egiteko. Hirugarren irakurketan onartu dute diputatuek: 68k bozkatu dute alde, eta 51k kontra. Erreforma horren bidez, abortua Krimenen Legetik kendu dute.

Andrew Little Justizia ministroaren arabera, aldaketa gauzatu dute eta «abortu segurua» legezkoa bilakatu da: «40 urtez, abortua izan da Zeelanda Berrian delitutzat jo den medikuntza prozedura bakarra. Gaurtik aurrera, osasun auzi gisa hartuko dugu».

Emakumeek, hortaz, haurdunaldiaren lehen hogei asteetan ez dute proba legalik pasatu beharko abortua lortzeko. Erreformaren aurretik, bi medikuren baimena beharrezkoa zen, eta horiek baiezkoa ematen zuten soilik haurdunaldia emakumearen osasunarentzako arriskutsua bazen; orain, haurdunaldiaren lehen hogei asteen ostean izango da beharrezkoa hori.

Bozketaren aurretik, auzia erreferendum bidez erabakitzeko aukeraz bozkatu dute, baina ezezkoa gailendu da, tarte handiagoarekin: 19-100.

Oro har, diputatuak pozik agertu dira bozketaren emaitzarekin: «Gure abortuari buruzko aurreko legea duela 40 urtekoa zen, eta ez zituen kontuan hartzen egungo zientzia eta medikuntza praktikak», adierazi du Jan Logie Alderdi Berdearen diputatuak. Kontrako iritzia izan du oposizioko Zeelanda Berriko Alderdi Nazionalaren diputatu Agnes Lohenik: «Gure gizatasunaren kontrako eraso bat da».

Erreformaren lehen irakurketa 2019ko abuztuan egin zuten, eta baiezkoak gaurkoa baino aldea handiagoa izan zuen (94-23); bigarren irakurketa hilaren hasieran egin zuten, eta bi jarreren arteko tartea txikitu egin zen: 81-39. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.