Ipar Yemenek 1918an lortu zuen independentzia, Otomandar Inperiotik, eta Hego Yemenek, 1967an, Erresuma Batutik. Iparraldean, 1962an, errepublika kapitalista bat ezarri zuten —ordura arte, zaidismoan oinarritutako estatu erlijioso bat zen—, eta hegoaldean, berriz, estatu sozialista bat, 1970ean. 1990ean, biak elkartu, eta Yemengo Errepublika sortu zen. 1994an, integrazioak huts egin, eta gerra hasi zen; iparraldeak hegoaldeari irabazi zion. Banaketa erlijiosoa polarizatuta dago: sunitak %60 inguru dira, eta xiita zaidiak, %35-40; zaidiak gehiengoa dira iparraldean, eta sunitak hegoaldean.
Huthien alde
Huthiak. Ideologia islamista zaidia duen mugimendua da. Al-Huthi sendiak sortu zuen, 1992an, eta 2004an matxinatu zen gobernuaren aurka. Zaidiek pairatutako diskriminazioaz kexu ziren. 2014an, Sanan boterea indarrez hartu ondoren, adierazi zuten ez zutela asmorik haien erlijioan oinarritutako errepublika bat ezartzeko.
Ali Abdullah Saleh. Ipar Yemengo presidentea izan zen 1978tik 1990era, eta Yemengoa 1990etik 2012ra. Arerioentzat, demokrazia formal baten itxurapean agindu zuen diktadorea. Herriaren Biltzar Nagusia sortu zuen, ideologia laiko eta nazionalistako alderdia.AEBen eta Saudi Arabiaren aliatu estua zen. 2011n fakzio ugarik sustatuta haren aurka hasitako matxinadaren ondorioz utzi zuen boterea. Armadan eta tribuetan aliatuak dauzka, ordea, eta orain 180 graduko aldaketa bat egin du: huthiekin aliatu da, iaz arte etsai zituenekin. Bera ere zaidia da.
Iran. Teheranek nazioartean dauzkan etsaientzat, huthiak Iranen txotxongiloak dira. Iranek eta huthiek hori ukatzen dute, nahiz eta harremana dutela ez ezkutatu. Iran errepublika xiita bat da, baina zaidismoarekin ezberdintasun ideologiko batzuk ditu. Teheran huthien kontrako esku hartzearen aurka agertu da erabat. Irakek, Siriak eta Libanoko Hezbollah alderdi xiitak bat egin dute Iranekin.
Huthien aurka
Abd Rabu Mansur Hadi. 2012tik da Yemengo presidente. Salehek boterea utzi ondoren, hainbat fakzioren kontsentsuzko hautagai izan zen hauteskundeetan —hautagai bakarra—. 1994tik presidenteordea zen, Salehen bigarrena aginte mailan. Hego Yemengo militarra zen, eta 1986an Ipar Yemenen errefuxiatu zen. Batasunaren ondorengo gerran, iparraldeko tropak zuzendu zituen. Sunita da.
Al-Islah. Anaia Musulmanei lotutako alderdi islamista sunita da. 2011ko matxinadan, protagonismo handia izan zuen Salehen aurka. Parlamentuko bigarren indarra zen huthiek hori desegin arte. Milizia bat dauka. Saudi Arabiarekin lotura estua zeukan, baina iaz «talde terrorista» izendatu zuen Riadek, Anaia Musulmanen aurka hartutako ildoari jarraikiz.
Hegoaldeko independentistak. Al-Hirak mugimendua 2007an sortu zuten, eta Hego Yemengo estatua berrezartzea du helburu. Huthien etsai berak izan ditu: gobernua eta muturreko islamista sunitak. Orain, huthiak hegoaldera ailegatu direnean, Al-Hirakek «iparraldeko inbasio» deitu die, eta iraganeko etsaiarekin bat egin du: Hadirekin. Urtarrilean, Hadik Sanatik Adenera aldatu zuen hiriburua, eta Yemen berriz banatzeko aukera ikusi dute independentistek. Atzerriko etsai historikoa izan dute Saudi Arabia, baina, orain, esku hartzearen alde agertu dira.
Al-Qaeda eta muturreko bertze islamista sunitak. AQPA Arabiar Penintsulako Al-Qaeda eta Ansar al-Xaria dira talde nagusiak. Saudi Arabiako ideologia wahabiarekin bat egiten dute. Hegoaldean eta ekialdean, hiriak eta eremuak dauzkate kontrolpean. Huthien, Hadiren eta Al-Hiraken aurka daude. Iragan hamarkadatik, AEBek droneekin eraso diete. Iragan astean, indar guztiak erretiratu zituen Washingtonek.
Tribu sunitak. Eragile garrantzitsua dira. Estatuarekiko paraleloa den egitura bat osatzen dute, berezko arauekin. Anitzek miliziak dituzte, eta fakzio guztiek nahi dute tribuekin aliantza bat egin.
Saudi Arabia eta aliatuak. Saudi Arabiak kosta ahala kosta eragotzi nahi du bere mugetan xiiten botere eremu bat sortzea, Iranekin duen lehia geopolitikoan kalte handia eraginen liokeelako, eta bere gutxiengo xiitarentzat eredu bilaka litekeelako. Gehiengo sunita duten zortzi herrialde elkartu zaizkio: zazpi arabiar eta Pakistan.
AEB. Paradoxaz beteriko jarrera hartu dute erasoa babestuta. Urteetan eraso diote Al-Qaedari Yemenen, baina, huthiak suntsituz gero, Al-Qaedaren gisako taldeek indartzeko aukera gehiago izanen dituzte, Iraken bezala. Hain zuzen, Iraken Estatu Islamikoaren aurka esku hartzen ari dira AEBak eta Iran; Suitzan, berriz, programa nuklearra negoziatzen. Azkenik, huthien aurkako koalizioan dago Sudan, eta AEBek «terrorismoa» babesten duen herrialdetzat dute.
ZEIN DA ZEIN
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu