Gerra Ukrainan

Zelenskik esan du 300 zibil baino gehiagoren gorpuak aurkitu dituztela Borodianka herrian

Butxako egoera baino «askoz ere beldurgarriagoa» dela nabarmendu du Ukrainako presidenteak. Gutxienez 50 pertsona hil dituzte Donetsk oblasteko tren geltoki baten aurka jaurtitako misil baten ondorioz, eta Errusiak eta Ukrainak elkarri leporatu diote erasoa. Von der Leyen eta Borrell Zelenskirekin batzartzekoak dira gaur, Kieven.

Etxebizitza eraikin bat erabat txikituta, Borodiankan, Kievetik gertu. OLEG PETRASYUK / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko apirilaren 8a
12:06
Entzun

Ukrainako gerraren sarraskiek ez dute etenik. Herrialdeko presidente Volodimir Zelenskik jakinarazi duenez, «Errusiako tropak erretiratu ondoren» 300 zibilen baino gehiagoren gorpuak aurkitu dituzte Borodianka herrian (13.000 biztanle) —Kievetik ipar-mendebaldera dago—. Haren esanetan, Borodiankako egoera Butxa herrikoa (Kiev oblasta) baino «askoz ere beldurgarriagoa» da. Zelenskiren gobernuak Moskuri leporatu dio hirian «gerra krimenak» egitea. Gertakari horien harira, Ukrainako negoziatzaile Mikhailo Podoliakek ostiral honetan adierazi duenez, «sarraskiek» bake elkarrizketarako gogo aldartea «kaltetu» dute. Podoliaken adierazpen horien aurretik, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek Ukrainari egotzi dio Istanbulgo negoziazioetako akordioetatik aldentzea. «Kieveko erregimena AEBek eta bere aliatuek kontrolatzen dute, eta Zelenski presionatzen ari dira, liskarretan jarrai dezan».

Ukrainak azken egunetan ohartarazi izan du Errusia Donbass eskualdearen kontrol osoa hartzeko erasoaldi militarra prestatzen ari dela, iparraldetik tropak erretiratu ondoren. Bada, Donetsk probintziako gobernuburu Pavlo Kirilenkok salatu duenez, Kramatorsk hiriko tren geltokiaren aurka misilekin egindako eraso batean gutxienez 50 pertsona hil —besteak beste, bost haur— eta 400dik gora zauritu dira. Ukrainak zuzenean Errusiari leporatu dio erasoa, eta, segidan, EB Europako Batasunak eta Unicefek irmoki gaitzetsi dute; Donetskeko Herri Errepublikako errusiazaleek, ordea, Errusiak halakorik egin izana ukatu egin dute, eta Kievi egotzi diote tren geltokiari erasotzea.

Handik gutxira, Errusiako Defentsa Ministerioak ere gezurtatu egin du, eta zehaztu bere armadak ez zuela Kramatorsken jarduera militarrak egiteko helbururik. Gainera, Ukrainaren bertsioa zalantzan jarri du; izan ere, Kieveko armadak erabilitako Tochka-U misil baten zatiak aurkitu dituztela adierazi du, TASS Errusiako berri agentziak jasotakoaren arabera. Kremlinek, bestalde, ziurtatu du Donetsk eta Kharkiv probintzietako hiru hirietan Ukrainako tropek zeuzkaten arma biltegiak eta ekipamendu militarra suntsitu dituztela, baita boluntario atzerritarrentzako entrenamendu zentro bat suntsitu ere, Odesatik gertu, hegoaldean.

Bien bitartean, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen eta EBko diplomaziaburu Josep Borrell Zelenskirekin batzartzekoak dira gaur Kieven, aurrez aurre, Errusiaren inbasioa hasi zenetik —otsail amaieratik— lehendabizikoz, EBko 27 estatuetako kideek Moskuko ikatzari enbargoa jartzea, eta arma eta teknologia garatuko gaiak esportatzea debekatuko dituztela adostu eta biharamunean. Hain zuzen ere, Borrellek esan du astelehenean bertan hasi nahi duela EBko 27ekin eztabaidatzen Errusiako petrolio eteteko aukerei buruz, Europako Atzerri Gaietarako Batzordean.

Gerrak zer nolako traza hartu duen ikusita, Frantziako presidente Emmanuel Macronek RTL irratiari emandako elkarrizketa batean azaldu duenez, Errusiako presidente Vladimir Putin maiatzaren 9rako Donbassen «garaipena» erdiesten ahaleginduko da, Sobietar Batasunak Alemania naziaren aurka 1945eko maiatzaren 9an Bigarren Mundu Gerran lortutako garaipenaren urteurrenean. «Errusiarentzat, maiatzaren 9a egun nazionala da, garrantzitsua, eta Putinentzat maiatzaren 9ak garaipen eguna izan behar du».

Ukrainako Atzerri ministro Dmitro Kulebaren esanetan, berriz, herrialdearen hego-ekialdean espero dutena ez da «txikikeria» izango: «Bigarren Mundu Gerra gogoraraziko duten borrokak izango dira». Hala, Kulebak NATO Ipar Atlantikoko Itun Erakundeko kide diren herrialdeei Bruselan aurrez aurre esan die armak «egun gutxiren buruan» behar dituztela; «bestela, beranduegi izango da». Ukrainari erantzunez, NATOk laguntza militar gehiago eta askotariko armak bidaliko dizkio.

Irina Verextxuk Ukrainako lehen ministroak jakinarazi duenez, 4.676 pertsona ebakuatu zituzten atzo hamar korridore humanitarioen bidez Errusiak setiatutako hirietatik. Verextxukek zehaztu duenez, Mariupoldik eta Berdiansketik (Ukraina hegoaldeko kostaldeko bi hiriak) 3.256 pertsona Zaporizhiara joan dira, ibilgailu partikularretan eta autobusetan; TASS Errusiako berr agentziak jasotakoaren arabera, berriz, Mariupolgo 584 herritar Novoazovski hirira ebakuatu dituzte, Errusiako mugatik gertu. Gaur beste hamar korridore zabalduko dituztela iragarri du Ukrainako lehen ministrordeak.

Oinarrizko elikagaiak, inoizko garestien

Goia topatu ezinik jarraitzen du munduko oinarrizko elikagaien prezioak. Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera, elikagaien prezioen indizeak marka hautsi zuen martxoan; otsailean baino %12,6 altuago, eta iazko martxoan baino %34 gehiago. Erakundeak «jauzi erraldoitzat» jo du prezioen igoera. Errusiak Ukrainan hasitako inbasioak aurretik elikagaien nazioarteko merkatuan zegoen olatu handia erraldoi bilakatu du, eta munduko gosete arazoa are gehiago larritu, hornidura eten eta prezioak izugarri puztu baitira. Bete-betean eragiten ari zaie Ekialde Hurbileko eta Afrikako herrialdeei, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.