Mundua

Zelula amekin ikerketak egiteko mugak kendu ditu gaur Barack Obamak

Debekuak kenduta, AEBetan medikuntzaren arloan ikerketak egiteko erakunde nagusiari dirua eskatu ahal izango diete zientzialariek.

2009ko martxoaren 9a
18:58
Entzun
Zelula amekin ikerketak egiteko mugak kendu ditu gaur Barack Obama AEBetako presidenteak. Hala, Osasunaren Institutu Nazionalari (AEBetan medikuntzaren arloan ikerketak egiteko erakunde nagusia) dirua eskatu ahal izango diete zientzialariek.

Zehazki, zelula amekin ikerketak egiteko diru publikoa jasotzeko zortzi urtez egon diren mugak kendu ditu Obamak. Iazko hauteskunde kanpainan horretarako konpromisoa hartu zuen.

AEBetan eztabaida luze eta bizia dago zientziaren eta sinesmen moralen artean, eta politikari, mediku eta elkarte kontserbadore ugari zelula amekin ikertzearen kontrako sutsuak dira.

Mugak kentzeko agindua Washingtonen 11:00k direnean (17:00ak Euskal Herrian) sinatu du. Zelula amen ikerketan adituak direnek eta ikerketa horien babesleek inguratuta agertuko da Obama Etxe Zurian.

Orain arte laguntza pribatuetara jo behar izaten zuten zientzialariek zelula amen gaineko ikerketa horiek diruz hornitzeko.

Diru publikoa jasotzeko debekua George Bushek, Obamaren aurrekoak, ezarri zuen 2001ean.

Salbuespen bakarra ordurako eginak zeuden 60 anduiak izan dira, baina 20k bakarrik balio dute ikerketarako.

Zelula amen nondik norakoak

Zelula ametatik abiatuta gorputzeko edozein organo garatzeko posibilitatea dago, hori da zelulek bete behar duten baldintza ama izateko.

Zelula horien ikerkuntzan lan handia egiten ari dira Ingalaterra, Kanada, Suedia eta Zeelanda Berria, besteak beste.

Austria, Lituania eta Polonia, berriz, ezagunagoak dira debekatua dutelako gizakien zelula amekin ikerketak egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.