Proiektuan parte hartzen duen Espainiako Ence konpainia hasieran beste paper fabrika bat zen eraikitzekoa Fray Bentosen, baina toki berean ezinezkoa zela ikusi ondoren, lekuz aldatzea erabaki zuen iragan irailaren erdialdean. Oraindik ez du erabaki non altxatuko duen, ikerketa teknikoak egiten segitzen baitu.
Montevideoren esanetan, paper fabrikek ez dute ingurumenerako arriskurik eragingo, eta, aitzitik, dio bi paper fabrikak eraikitzeak lanpostu ugari sortuko dituela Uruguain, egoera txarrean dagoen ekonomia suspertzeko. 1.800 milioi dolarreko inbertsioa dago jokoan, Uruguaiko historian handiena.
Porto Alegreko (Brasil) Nazioarteko Gizarte Foroko kideek, berriz, salatu dute Uruguaiko basoetan nagusitu den monolaborantzak «gutxi batzuk» aberasten dituela, «guztion diruarekin». «Gizarte bazterketa areagotu du, eta lurraren kontzentrazioa eta ingurumenaren degradazioa ekarriko du», nabarmendu zuten iazko otsailean, Uruguaiko presidente Tabare Vazquezi bidalitako gutunean. Horien hitzetan, fabrikek behin betiko ezarriko lukete eredu hori. «Fabrikek baso eremu zabalak hartuko dituzte beren zereginetarako, eta horrek konpondu ezineko kalteak eragingo dizkio ingurumenari».
Zelulosa fabrikek hango nekazaritza, turismo eta arrantza sektoreetako lan iturriak lekuz aldatzea eragingo dutela ere salatu zuten. Tona bat zelulosa pasta ekoizteko atmosferara hiru kilo sulfuro dioxido inguru isuriko direla salatu dute fabriken aurka azaldu direnek.
KALEKO ETA AUZITEGIETAKO BORROKAK. Uruguai ibaiaren bi aldeetara egin izan dituzte mobilizazioak paper fabriken aurkakoek, iazko apiriletik hona tarteka-marteka, baina betiere protestaren haria eten gabe. Hala, iazko apirilaren 30ean, 30.000 pertsona inguru abiatu ziren Gualeguaychutik Uruguaiko mugarantz, lantokiak ixteko eskatzeko. Uruguaiko Fray Bentos herritik ere 2.500 lagun inguru atera ziren mugarantz. San Martin Jeneralaren zubian elkartu ziren uruguaitarrak eta argentinarrak, zelulosa fabrikei ezetz esateko.
Instituzio eta epaitegietan ere lehian aritu dira aldekoak eta kontrakoak. Bai Argentinako, bai Uruguaiko ordezkariak Munduko Bankuko zuzendaritzarekin bildu dira; batzuk mailegua blokeatzen saiatzeko, eta besteak huraxe jasotzea lortzeko.
Nolanahi ere, erakundeak berriki atondutako txosten batek dio paper fabrikek ez dituztela kutsadura maila «ezegokiak» eragingo. Buenos Airesko gobernuak ez ditu txosten horren ondorioak onartzen, eta auzia Hagako (Herbehereak) NJA Nazioarteko Justizia Auzitegian erabakitzeko eskatu du. NJAk, jada, 2005eko uztailean, ebazpen bat kaleratu zuen auziaren inguruan. Orduan, Argentinaren eskaera errefusatu, eta paper fabriken eraikuntzak aurrera jarrai zezala ebatzi zuen.
Mercosur Hego Amerikako erakunde ekonomikoak ere parte hartu du gatazkan. Joan den irailaren hasieran erakundearen auzitegiak Uruguairen alde egin zuen, horrek Argentinaren kontra aurkeztutako salaketan. Buenos Airesko gobernuari bi estatuak lotzen dituen San Martin Jeneralaren zubi inguruan errepide blokeoak eragotzi ez izana leporatzen zion Montevideok.
Blokeo horiek 400 milioi euroko galera eragin ziola eta Mercosur sortu zuen Asunciongo Ituna urratzen zutela -zirkulazio askea ahalbidetzen du itunak- argudiatzen zuen. Alabaina, Argentina ez zuen Uruguairentzako kalte-ordainak pagatzera zigortu. Ebazpena atera baino aste batzuk lehenago Argentinako Atzerri ministro Jorge Taianak esan zuen Uruguairen salaketa onartzea «Argentinaren kontrako legez kanpoko ekimen bat balioztatzea» izango zela.
AUZIA EZ DA BUKATU. NJAren ebazpena izan eta biharamunean, berriz, Gualeguaychuko biztanleek hura errefusatu, eta fabrikak eraikitzeko lanak gelditzeko eskatu zuten berriz ere. Argentina, Uruguai, Brasil eta Paraguai lotzen dituen 14. errepidean manifestazioa egin zuten, baina errepidea ez blokeatzea erabaki zuten. «Gure sinesteak eta gure borroka indartsuegiak dira togaz jantzitako 14 funtzionariok gu amore ematera behartzeko», zioen Gualeguaychuko Ingurumen Batzarraren komunikatuak.
Halarik ere, Hagako auzitegiak ohartarazi zuen uztaileko erabaki hori berriz aztertzea bazegoela, eta hura alda zezakeela baldin eta Argentinak frogatzen badu paper fabrikek eskualdean ondorio kaltegarriak eragiten dituztela. Gualeguaychuko Ingurumen Batzarrak esan zuen «inoiz baino indartsuago eta batuago» zebilela, eta nazioarteko enpresei «ez lasaitzeko» ohartarazi zien.
2002an Botnia eta Ence enpresei salaketa eta zigorra jarri zizkieten
Ekologistek nabarmendu dutenez, 2002an auzitegiek 432.000 euroko isuna ezarri zioten Uruguain zelulosa pasta ekoizteko lantegia ezarri nahi duen enpresetako bati, Espainiako Ence enpresari. Arrazoia, Pontevedrako itsasadarra (Galizia) kutsatzea.Bestalde, 2002an baita ere, eta ekologisten esanetan, Finlandiako Botnia konpainiako akziodun nagusiak, UPM/Kymmene enpresak, gai toxikoak isuri zituen Saimaako aintzirara (Finlandia).