Zentral nuklearren auziak «porrot mingarria» ekarri dio bere feudoan Merkeli

Baden-Wurttembergen galdu du CDUk; boto kopuruan irabazi arren, sozialdemokratek eta berdeek bat egin dute

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Japoniako tsunamia Angela Merkelen gobernua astintzeraino heldu da; Fukushimako sarraskiaren ondorioz, etxeko zentral nuklearrei buruzko eztabaidak ez baitio onik egin CDUri. Baden-Wurttemberg eskualderik aberatsena gobernatu du kantzilerraren alderdiak 58 urtean, baina igandeko emaitzen eraginez, botoetan garaipena izan arren, berdeen esku egongo da datorren legealdia, SPD sozialdemokratekin koalizioan. Berdeek garaipen historikoa lortu dute, eta kontserbadoreek «porrot mingarria».

Kantzilerrak errealitatea bere gordintasunean onartu du, emaitza txarrak ezkutaezinak direlako: «CDUren historian aldaketa sakona ekarriko du». Gogoetarako tartea zabaldu badu ere, argi dauka botoen galera sarraski nuklearrak ekarri duen eztabaidaren ondorioa izan dela, eta ez gobernuaren jarduna.

Merkelek energia nuklearraren aldeko apustua egin du, baina iritziz aldatzeko garaia dela pentsatzen du orain. «Horregatik» atzeratu zuen zentral nuklearren bizitza luzatzeko erabakia, eta zazpi zentral nuklear ixteko agindua ere eman zuen. Hauteskundeei begirako neurriak izan zirela leporatu zioten, baina horrela izanda ere ez du etekinik lortu. Stefan Mappus Baden-Wurttenbergeko lehen ministroak atzo bertan eman zuen dimisioa.

Bozak galduta ere ez du berehalako neurririk hartzeko asmorik zentralen inguruan. Ekainera arte itxarongo du, zentralak ixteko erabakiaren moratoria amaitu arte, eta zentralen inguruko txostenek esaten dutena «zorrotz» aztertu ondoren. «Segurtasunak erabateko lehentasuna dauka».

Alemaniako eskualde garrantzitsuena galdu izanak Merkelen gobernuaren etorkizunari buruz galdera asko sortarazi ditu, orain arteko gainerako eskualdetan egindako bozen emaitzek ere bai,beheranzko joera erakusten dutelako. Are gehiago, gobernu kideak ere izugarrizko porrota jasan duenean. FDP liberala estu dago emaitzen ondoren; Legebiltzarrean sartzeko beharrezkoa den boto kopurua (%5,3) justu-justu lortu du, 2006koetan jasotakoen erdia. Eta Guido Westerwelle alderdiaren buruzagi eta kantzilerordearen lana zalantzan jartzen hasi dira alderdian ere.

Berdeak izan ezik alderdi guztiak jaitsi dira Baden-Wurttembergen. Merkelenak bost puntu galdu ditu, botoen %39 lortuta ere. SPDk bi puntuko aldea izan du, eta berdeek aurrea hartu diote 2006ko emaitzak bikoiztuta. Berdeek botoen %24,2 lortu dituzte, eta SPDk %23,1. Ezkerrak, berriz, botoen %3,1 zituen 2006an, eta orain %2,9. Renania-Palatinatua eskualdean ere izan dituzte asteburuan bozak, eta horretan sozialdemokratek gobernatzen jarraituko dute. Berdeek botoen %4,6 zituzten lehen, eta% 15,4 dituzte orain.

Hitzordu garrantzitsuak

Igandeko jarduna orain arteko garrantzitsuena izan da, baina oraindik ere hitzordu garrantzitsuak geratzen dira, eta gobernu erabakiak horien araberakoak izan daitezke. Zentral nuklearren auziaz gainera, Libian Alemaniak hartu duen jarrera ere bozek baldintzatutakoa izan da. Abstentzioa eman zuen NBEko Segurtasun Kontseiluaren erabakian, eta orain Mediterraneotik atera du armada. Berlinen irailean izango dituzte bozak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.