Bost urteko etenaren ondoren, agintera itzuliko da zentro-eskuina Islandian. Atzo egin zituzten hauteskundeak uhartean, eta Independentziaren Alderdia izan zen garaile; botoen %26,7 eta hemeretzi eserleku eskuratu zituen. 2008an herrialdea kolapsora eraman zuen alderdiak gobernatuko du berriro.
Alderdi Aurrerakoiak, sarri kontserbadoreen aliatu izan denak, botoen %24,4 eta beste hemeretzi eserleku lortu zituen. Bien artean gehiengo absolutua izango lukete parlamentuan —68 eserleku ditu ganberak—, eta Bjarni Benediktsson izango da ziurrenik Islandiako lehen ministro.
Sozialdemokratak ziren gobernuan, eta porrot handia izan zuten atzokoan. Bederatzi eserleku lortu zituen parlamentuan, botoen %12,9 jasota. 11 eserleku galdu ditu 2009ko hauteskundeekin alderatuta.
Hauteskundeetako emaitzak ezagutu ostean, Benediktssonek inbertsio berriez eta hazkunde ekonomikoaz jardun zuen. Horrez gain, espero dute kontserbadoreen garaipenarekin Islandia Europako Batasunean sartzeko bidea etetea, Independentziaren Alderdiak nahiz Alderdi Aurrerakoiak esan baitute kanpainan zehar EBn sartzeko negoziazioak eten eta eskaera hori atzera botatzearen aldekoak direla.