Espainia

Zentsura mozioa aurkezteko erronka bota dio Rajoyk oposizioari

PPren finantzaketari buruzko osoko bilkura berezia egiten ari dira Diputatuen Kongresuan. Azalpenak behin baino gehiagotan eman dituela esan du Rajoyk, eta ez duela beharrezko ikusten gaurko saioa. Margarita Roblesi erantzun dio Lasa eta Zabalaren heriotzak argitzeko epaiketan lekuko gisara deklaratu zuela Roblesek berak.

Mariano Rajoy, gaur, Espainiako Kongresuan. EMILIO NARANJO, EFE
2017ko abuztuaren 30a
07:44
Entzun

Osoko bilkuraren hasieran hartu du hitza Espainiako gobernuburuak, eta esan du 52 aldiz hitz egin duela Kongresuan bere alderdiaren finantzaketari buruz. Ez du Gurtel aipatu ere egin, eta ez du azalpenik eman. Alderdietako kideen txanda izan da gero, eta batak bestearen atzetik, auziaren inguruko galderak egin dizkiote. Guztiei batera erantzun die gero Rajoyk.

Lehen hitz hartze hori gaurko saioa gutxiesteko baliatu du. Uste du orain lehentasuna ez dela PPren fintzantzaketa, eta "terrorismo jihadista" eta Kataluniaren subiranotasun prozesua jarri behar dira guztiaren gainetik, haren arabera.

"Planteatu dizkidazuen gai guztiei buruz hitz egin dut ganbera honetan, beti", esan du; "Beste kontu bat da egiten dudana ez zaizuela gustatzen; eta nahi duzuela nik, otzanduta, zuen inputazioak onartu eta gobernua uztea. Baina ezin dut onartu. Gauzak ez dira horrela egiten". Horregatik, bera gobernutik kentzea nahi baldin badute, zentsura mozioa aurkezteko eskatu die oposizioko alderdiei. Horretarako, baina, gehiengoa batu eta presidentetzarako hautagai bat adostu beharko luke oposizioak.

'Lasa eta Zabala auzia'

Rajoyk besteei eraso egin die bere burua defendatzeko. Gurtel auzian berak lekuko gisara deklaratu duela ohartarazi dio PSOEren bozeramaile Margarita Roblesi, eta gogora ekarri dio Roblesek berak ere lekuko gisara deklaratu zuela Lasa eta Zabala auzian, baina berak ez diola ezer aupegiratu. PSOEko diputatuen haserrea sortu du horrek.

Roblesek erantzun dio baietz, lekuko gisara deklaratu zuela; "nire deklarazioagatik errudun batzuk zigortu egin zituzten". Gainera, Rajoyri aurpegiratu dio PSOE gobernuan egon zenean "terrorismoa" gobernuaren kontra egiteko erabiltzen zuela PPk. PSOEk kontrako jarrera duela azpimarratu du.

PSOErekin ez ezik, gainerako taldeekin ere gaia desbideratzen saiatu da Rajoy. Pablo Iglesiasi, adibidez, ihardetsi dio azaltzeko nola finantzatzen den Podemos, eta gaineratu Venezuelatik edo Irandik datorren diruarekin finantzen bada berari interesatu egiten zaiola. Ezetz esan du Iglesiasek, bere alderdia ez dela Venezuelatik eta Irandik finantzatzen. Bestetik, larunbatean Bartzelonan egin zen manifestazioaren ostean ERCko kideekin egin zuen afari bileran hitz egindakoei buruzko kontuak ere eskatu dizkio.

Ostrukarena egiteari uzteko eskatu dio EAJko Aitor Estebanek Rajoyri, eta gaiari behar bezala eustea galdegin dio. Estebanek uste du Rajoyk alderdi barruan egingo zituela ikerketak, eta haietatik atera dituen ondorioak azaltzeko esan dio. "Askotan hitz egin duzu gaiaz, bai; baina erantzun, ez dituzu galdera asko erantzun". Auzitegiei azkarrago aritzeko eskatu die, eta argitzeko PPren finantzaketari buruzko auziak lehenbailehen.

Alderdi bat baino gehiago "gaizkile talde bat" izatea egotzi dio EH Bilduko Oscar Matutek PPri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.