Arazoak ditu PSOEko idazkari nagusiak Mariano Rahoy gobernuburuaren aurkako mozioa aurrera ateratzeko. Bi aukera nagusi ditu mahai gainean: Podemosen sostengua eskuratuta alderdi txikiagoekin akordioak egin eta haien aldeko botoak eskuratzea, baina horretarako EAJren eta Kataluniako alderdi subiranisten babesa behar du, eta zail du oraingoz, nahiz eta atea ez dagoen erabat itxia; edota Ciudadanos erakartzea.
Albert Riveraren alderdiak atzo bertan iragarri zuen ez zuela babestuko sozialisten zentsura mozioa, besteak beste, Pedro Sanchezenek bozak deituko dituztela esan bai, baina horiek noiz izango diren zehaztu ez dutelako, eta hauteskundeak berehala nahi dituzte Ciudadanosekoek.
Horiek hala, proposamena egin diote alderdi sozialistari, eurek aurkeztutako zentsura mozioa erretira dezatela, eta beste bat aurkeztu Sanchez eta Rivera ez dena "hautagai instrumental" batekin. Azken horrek bozak deituko lituzke kargua hartutakoan.
PSOEk ez dio ezezko borobilik eman Riverari, eta Jose Luis Abalos idazkariak zehaztu du bozak deitzea ez dela izango akordioa bat lotzeko oztopo. "Alderdiek erantzun behar dute orain. Erantzikizunez jokatzeko eskatzen diegu", adierazi du Abalosek.
Jeltzaleak azalpen eske
Sanchezekin hitz egiteko prest agertu da EAJ. EBBko buru Andoni Ortuzarrek zehaztu duenez, Euskal Agendaz eta lurralde ereduaz galdetuko diote PSOEko buruari, eta haren erantzunaren araberakoa izango da jeltzaleen erabakia ere: "Pedro Sanchezen proposamena aztertuko dugu eta zehaztasunak eskatuko dizkogu jakiteko proposamen serioa ote den edo helburua botoak lortzea soilik ote den".
Kataluniako alderdi subiranistek bere aldetik ohartarazi dute ez dutela Sanchez babestuko, hark ez badu barkamena eskatzen Quim Torra presidenteari buruz egindako adierazpenengatik.