Ministroen gabineteari galdegin dio Ukrainako presidente Oleksandr Turtxinovek ea zenbat diren zerbitzu militarra eman dezaketen herritarrak; operazioak zein kostu izango lukeen kalkulatzeko ere esan dio. Dekretua gaur bertan argitaratu da, eta beraz, gaurtik da indarrean. 18 eta 25 urte bitartean dituzten gizonezkoek egin beharko dute, osasun arazorik edota zerbitzu militarrean ez parte hartzeko salbuesten dituen bestelakorik ez badute. Apirilaren erdialdean parlamentua izan zen neurri hori har zezan eskatu ziona Turtxinovi.
Bi manifestaziok bat egin dute gaur Ukrainaren ekialdean, Langileen Nazioarteko Egunaren harira egindakoak, eta Ukrainaren Gobernuaren aurkakoak. Azken horretan, Kieventzat lan egitea leporatu diote manifestari errusiazaleek Donetskeko fiskaltzari, Ukrainaren ekialdean, eta egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin ondotik, egoitza bera hartu dute. Negar gasak eta zorabiatzeko gaitasuna duten granadak jaurti ditu poliziak, eta harriekin erantzun dute manifestariek.
Okupazioa saihesten ahalegindu badira ere, amore eman behar izan dute poliziek. Ezkutuak, balentzako atorrak eta borrak kendu dizkiete gero manifestariek, eta beste zenbaitek zuzenean eman dizkiete.
Rusia Today hedabidearen arabera, fiskaltzara abiatu aurretik, polizia etxetik pasa dira manifestariak hainbat preso aske uzteko eskatzeko, eta lortu ere lortu dutela zabaldu du. Lau lagun utzi dituzte libre.
Hainbat egoitza ofizial eta polizia etxe okupatu dituzte azken astean errusiazaleek. Horien harira, Kievek onartu du ez dela gai izan ekialdeko eskualdeak kontrolpean izateko.