Munduko herrialde garrantzitsuenetako buruek bat egin dute asteburuan Turkian. OCDE/G20 txostenaren bitartez, zerga saihestearen aurkako politikak indartu nahi dituzte. Txosten horretan, herrialdeek hartu beharreko hamabost lege neurri daude. Horren bidez, gai horren inguruan nazioarteko "lege hutsuneak" mugatu nahi dituzte. Esaterako, eragotzi nahi dute enpresak zerga presio txikia duten herrialdeetara joatea, bertan jarduera ekonomikorik egiten ez badute.
Horrez gain, munduko herrialdeen arteko hazkunde ekonomiko desorekatua izan dute hizpide bileran. Neurri ekonomikoen txostena bihar argitaratuko dute, baina arlo horretan hartuko dituzten erabakiak "ondo neurtuak eta argiak" izateko beharra nabarmendu dute.
François Hollande Frantziako presidenteak ez du goi bileran parte hartu. Hala ere, "terrorismoaren aurkako borrokak" berebiziko garrantzia hartu du Turkiako batzarrean. Gai horrekin, bilera bukatu aurretik agiri bateratua sinatu nahi dute parte hartzaileek. Jean Claude Juncker oso kritiko agertu da Parisko atentatuak errefuxiatuekin lotu dituztenekin. "Parisko atentatuak egin zituztenak kriminalak dira, ez errefuxiatuak".
Barack Obama AEBetako presidenteak eta Saudi Arabiako Salman erregeak bilera egingo dute gaur gauean, G-20 batzarra baliatuz. Etxe Zuriak adierazi duenez, bi agintariek Sirian Estatu Islamikoaren aurka aurrera daramatzaten bonbardaketak izango dituzte hizpide.