Iraken okupazioa

Zibilak sarraskitzen ari dira AEBak Falujan

AEBetako Armada gogor ari da erasotzen Irakeko Faluja hiria, eta ondorioz, zibil ugari hiltzen eta zauritzen ari dira. Falujako erietxeetako eta Poliziako iturriek agertu dutenez, gutxienez 45 lagun hil eta 65 zauritu dituzte gaur soldadu estatubatuarrek hegazkinen eta tankeen bidez jaurtitako bonbek. Horietako asko emakumeak eta haurrak direla azpimarratu dute. Gainera, berriki jakin da meskita bat bonbardatu dutela eta han dozenaka direla hildakoak. Oldarraldiarekin aurrera segitzeko asmo sendoa agertu dute AEBetako Armadako buruek.

2004ko apirilaren 7a
16:33
Entzun
AEBetako armadako jeneral Mark Kimmittek zin egin du Muktada al Sadr buruzagi erlijiosoaren aldeko Mehdi milizia xiita "suntsitu" egingo dutela. "Mehdiren armada suntsituko dugu; izan ere, bere aurkako eraso bortitz eta zehatzak egingo ditugu. Muktada al Sadrek argi izan behar du epaitegi baten aurrean deklaratu beharko duela".

Bitartean Estatu Batuetako Armadak Faluja hiria bonbardatzen segitzen du, eta, gutxienez, 45 irakiar hil dituzte gaur eta 65 bat zauritu dituzte. Gainera, meskita bat bonbardatu dutela jakin da berriki, eta eraso horretan dozenaka lagun hil dituztela.

Gau odoltsua

Halaber, odoltsua izan da bart gaua Iraken. Azken egunetan bezala, istilu larriak izan dira hiri nagusietan irakiarren eta okupazio indarren artean. Istilurik larrienak Amadin, Falujan, Nasirian eta Bagdaden izan dira. Gutxienez 75 lagun hil dira; 45 irakiar eta AEBtak 12 soldadu. Zauritutako lagunak, berriz, ehunka dira. Al Arabiya elebista kateak jakitera eman duenez, erresistentziako kideek AEBtako helikoptero bat lurrera bota dute.

Saddam Hussein AEBek Qatarren duten base militar batean dago

Erresuma Batuko The Independent egunkariak jakitera eman duenez, Irakeko presidente ohi Saddam Hussein AEBek Qatarren duten base militar batean dago. Albisteak ika-mika handia eragin du. Izan ere, egunkariak jasotzen duenez, Qatarreko agintariek eta erregeak ez dute albistearen berri. AEBtako gobernuak ez du albistea baieztatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.