Ekialde Hurbila

Zibilez jantzitako Israelgo polizia agenteek hiru palestinar hil dituzte Zisjordanian

Palestinako inteligentzia zerbitzuetako kideak dira horietako bi, eta Jihad Islamikoarekin lotu du hirugarrena Israelek.

Israelgo soldaduak Jeninen, Zisjordanian, maiatz hasieran. ALAA BADARNEH / EFE
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 10a
13:30
Entzun

Israelgo Mugako Poliziak gutxienez hiru palestinar hil ditu Jeninen, Zisjordanian, gaur goizaldean. Horietako bi, Adham Yasser Alawi eta Tayseer Issa, PAN Palestinako Aginte Nazionalaren inteligentzia zerbitzuetako kideak dira, herrialdeko agintariek jakinarazi dutenez. Hirugarren hildakoa Jamel al Amori da. Hiru horiez gain, laugarren bat larri zauritu dutela zabaldu du Wafa berri agentziak, eta inguruko ospitale batera eraman dutela.

Israelgo segurtasun iturriek Efe berri agentziari emandako informazioaren arabera, Jihad Islamikoko kidea da Al Amori, eta hura zen operazioaren helburu nagusia. Iturri horrek gaineratu du Palestinako inteligentzia zerbitzuen egoitza moduan erabilitako eraikin baten inguruan izan dela gertakaria. Palestinako agintariek ez dute halakorik baieztatu oraingoz.

PANeko presidente Mahmoud Abbasek gaitzetsi egin du gertatutakoa, eta «Israelen eskalatze arriskutsutzat» jo du. Azaldu du Israelgo segurtasun indarrek palestinar itxura hartu nahi izan dutela, eta zibilez jantzita zihoazela.

Hala baieztatu du Wafak ere. Hedabide horren arabera, agenteak zibilez jantzita iritsi dira Jeninera, Al Amori eta beste kide bat atxilotzeko helburuarekin, baina horretara zihoazen momentuan tiroketa bat izan da, eta modu horretan hil dira hiru palestinarrak. Israelgo agenteak, berriz, ez dira zauritu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.