ZIENTZIA. Lurtarren geodantza

Koldo Nuñez Betelu.
2009ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Azken mendeko lasaitasunik handiena izaten ari da eguzkiaren azalean. Izan ere, inoiz ez bezala, urtea hasi denetik, ia ez da ohiko eguzki orbainik ikustatu. Eguzkiaren aktibitatea 11 urteko zikloetan ematen da, baina, hala ere, 1913tik aurtengoa da lasaiena. Distira ere jaitsi da, eta izpi ultramoreen intentsitatea areagotu. Inor ez da ausartzen esatera horrek eraginik izango ote duen klimaren aldaketaren gainean, baina zientzialari errusiar talde baten arabera, eguzkiaren aktibitatearen jaitsierak bere horretan jarraituko du mende honen erdira arte, eta klimaren gainean eragin handia izango du. Haien ustez, klima gizakiaren jardueraren ondorioz berotu beharrean, hoztu egingo da nabarmen, eta aro glaziar txiki berri batean sartuko gara. Gizakiaren jardueraren ondorio positibo gisa, aro glaziar hori moteldu egingo da eta ez da izan zitekeen bezain gogorra izango.

Baina eguzkia lasai dagoen bitartean, lurrak dantzan segitzen du. Esaterako, astelehenean Italiaren erdian gertatu zen lurrikara, bai eta Venezuelako Caracasen eta Kuril irletan eta beste hainbat tokitan ere. Lurra dantzan egotea, berez, ez du zertan berria izan, munduan ia etengabe ari baitira lurrikarak gertatzen, lurraren barnealdea oso aktiboa baita, eta gainean dauden plakak elkarrengandik urrundu eta hasi edo, bestela, elkarren aurka ari baitira borrokan, eta horrela mendiak altxatu eta erliebea tektonikoki moldatzen da. Horrek azaltzen du Italiako lurrikara, Italiako penintsula, Iberiako penintsula bezala, Europako plakaren eta iparralderantz mugitzen ari den Afrikakoaren artean baitago harrapatuta.Baina jatorria jakinda ere, oso zaila egiten zaigu aurretik jakitea non, noiz eta zein indarrekin joko duen hurrengo lurrikarak. Horiek failetatik abiatzen dira, baina failak, lurraren azalaren apurketa-planoak alegia, erruz daude plaken ertzetan. Lurrikara aurreikusteko, faila monitorizatu behar da, bertan gertatzen diren aldaketak une oro erregistratu eta, ondorioz, lurrikara handia datorren seinaleak ikusi. Horregatik da horren zaila sismoa aurreikustea. Hala ere, Txinan, Errusian, AEBetan, Islandian eta Japonian horretan ari dira lanean aspaldidanik. Kasu bakan batzuetan gai izan dira lurrikara batzuk aurreikusteko, baina beste askotan kale egin dute. Egun hauetako Italiako seismoan geofisikari batek aldez aurretik ere ikusi omen du zer zetorren, baina agintariak konbentzitu beharrean, kontrakoa lortu du, eta alarmistatzat hartu dute. Hortxe dago koska. Oraindik seismoak aurreikustearen arloa ez dago batere garatuta, eta akats asko egin daitezke, baina arriskatu al gaitezke eta neurririk ez hartu? Edo neurriak hartu eta gero kale egin, populazioan ondoeza sortu eta, besteak beste, ekonomiari kalteak eragin?

Baina ez dira lurrikarak, eta horien ondorioak, gizakiok pairatzen ditugun arrisku bakarrak. Lurraren azpitik bezala, kanpoko espaziotik ere etor daitezke mehatxuak. Esaterako, orain dela ia bi urte Ciudad Realgo probintziaren gainean jende askok ikusi zuen suzko bola bat zerua zeharkatzen. Bertan erori zen meteoritoa txikia zen, eta ez zuen kalterik sortu. Horrelakoak maiz-edo erortzen dira, eta ez dira arriskutsuak izaten. Hala ere, behin Frantzian batek zakur bat buruan jo omen zuen eta bertan hil. Baina nahiz eta txikiak ugariak izan, handiak ere hurbiltzen zaizkigu noizean behin. Adibidez, 2008ko urrian Nubia basamortu gainean leherketa handi bat izan zen zeruan, eta auto baten tamainako meteoritoaren zatien zaparrada lurreratu zen Sudanen. Meteorito hori, atmosferara sartu eta lehertu baino lehenago ikusi zen,eta arriskutsua izan balitz agian neurriak har zitezkeen. Baina salbuespena izan zen, gehienak bertara iritsi arte ez baitira ikustatzen. Esaterako, martxoan bi egon dira. Batek 20 bat metro zituen eta besteak 30 bat, eta Lurretik oso-oso hurbil pasatu ziren, inolako eraginik izan gabe. Baina atmosferan sartu izan balira eta bertan lehertu edo zuzenean eskualde populatu bat jo izan balute, ondorioak erabat katastrofikoak ziratekeen. Bi kasuetan, asteroideak dagoeneko gure ondotik pasatzen ari zirenean ikusi ziren, ez lehenago, hau da, babesik hartzeko denborarik gabe.

Argi dago, beraz, askoz inbertsio gehiago egin behar direla, bai lurraren azpitik etortzen diren arriskuak aurreikusteko, baita kanpotik datozenak ere. Geologian eta astronomian ere, berez, ikerketa eta, ahal den neurrian, prebentzioa da bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.