ZIENTZIA. Mundu galduko erraldoia

'Futalongkosaurus dukei' dinosauroaren aztarnak aurkeztu dituzte; aparteko espezie berri bat dirudi, eta, antza, bere aparteko handitasunak egiten zuen berezi. 32 metro luze zen.

arantxa iraola
2007ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Inoiz aurkitu diren dinosauro aztarnarik handienetakoak aurkeztu dituzte Brasilen. Argentinako Patagonian aurkitutakoak dira, eta dinosauro espezie aparteko bat izendatu dute paleontologoek, fosil horiei begira: Futalongkosaurus dukei. 32 metro luze izatera hel omen zitekeen.

Antza, dinosauro hau espezie aparteko bat dela esateko gakoa lepoan dago. Lepoko hezurren egitura berezia zuela esan dute ikertzaileek, eta, segur aski, Patagonia inguruko espezie berezkoa izango zela. Annal of te Brazilian Academy of Sciences argitalpenean eman dituzte aurkikuntzari buruzko datu eta argibideak. Fosilaren errepikak, prentsaren aurreko agerraldi batean aurkeztu dituzte, Rio de Janeiron. Metro batetik gorako ornoa, eta isatseko hezur bat erakutsi nahi izan dituzte. Animalia handia irudikatzeko aukera ematen dute.

Dinosauroaren lepoko, bizkarrezurreko, pelbiseko eta isatseko aztarnak ikertuz egin dute beren lana adituek.Eta txundituta daude horiei begira. «Munduko dinosauro handienetakoa da, eta dinosauro erraldoien artean, aztarnei begira, osoenetarikoa», azaldu du Jorge Calvo Argentinako Comahue Unibertsitateko paleontologoak. Berak zuzendu du ikerketa. Aztertu duten animalia zatituta aurkitu zutela azaldu du, eta animalia haragijaleen bazka izan zela pentsatzen dutela. Heriotza zerk eragin zion, ordea, ez dute argitu. Dinosauro espezie hau bera, barazkijalea zen.



FOSIL ASKO DITUEN ESKUALDEA. Barreales aintziran eta inguruetan aurkitutako aztarnei esker egin dute aurkikuntza hau Brasil eta Argentinako paleontologoek. Espezie berriaren aztarnak aurkitzearekin batera, beste hainbat dinosauroren fosilak aurkitu dituzte bertan. Megaraptor dinosauro haragijalearen aztarnak aurkitu dituzte, eta baita dinosauro hortz ugari ere, 500 inguru.

Inguru horretan dinosauro asko bizi zirela pentsatzen da, eta oraindik ere aztarna gehiago ager daitezkeen susmoa dute. Horregatik, lanean jarraitu nahi dute. «Ikerketa 2000. urtean abiatu genuen, dinosauro baten hiru orno aurkitu genituenean. Eskualdea oso oparoa da fosiletan, eta ikerketa gehiago egin behar dira», eman du aditzera Jorge Calvok.

Dinosauroenak bakarrik ez, beste fosil gehiago klase ere badaude, gainera, paleontologoen aburuz, Patagoniako eremu horretan. Arrain fosilak daude, hostoenak. «Mundu galdu antzeko bat da, guztia guretzat», azaldu du Alexander Kellner Rio de Janeiroko Museoko ikertzaileak.

Mundu galduko erraldoia bataiatzeko orduan, maputxeen hizkuntzara jo dute ikertzaileek, sauroen buruzagi erraldoia esan nahi omen du. Duke, berriz, erantsi diote ikerketa hauek egiteko orduan diru-laguntza handiak ematen ari delako Argentinako Duke Energy konpainia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.