ZIMBAWE. PRESIDENTETZARAKO HAUTESKUNDEAK. Nekazaritza politikaren biktimak

Zuriek okupatutako lurrak beltzen artean banatzeko nekazaritza erreforma 2000n sartu zen indarrean, baina gaur arte, Mugaberen gertukoentzat soilik izan dira onurak.

arantxa elizegi egilegor
2008ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Duela ia 120 urte iritsi ziren lehen kolonoak gaur Harare gisa ezaguna den lur eremura. Urteen buruan gobernu autonomoa ezarri eta Hego Rhodesia izenez bataiatu zuten gerora Zimbawe izango zena. 1930ean, inork haien «eskubideak» zalantzan jar ez zitzan, Lur Zatiketaren Legea onartu zuten. Horrek mugatu egiten zuen lurjabe izan zitezkeen beltzen kopurua, ez, ordea, zuriena. Baina bertakoen haserrea areagotzeko besterik ez zuen balio izan, eta lurraldeak erabateko independentzia lortu eta Robert Mugabe agintera heldu zenean, 1980an, lur horiek berreskuratuko zituela hitzeman zien herritarrei. Hogei urte geroago, lurren %70 oraindik ere nekazari zurien esku zegoen. Geroztik, bozetarako kanpaina hasten duten aldiro, promesa bera egiten die estatuburuak herritarrei, baina gaur arte ez du hitza bete.

Independentzia aldarrikatu eta gutxira lehertu zen ekonomia krisia, eta urtetik urtera okertuz joan da. Zimbawe sortu zen egunetik bertatik agintean dagoen Zanu-PF alderdiak antolatutako nekazaritza erreforma 2000. urtean sartu zen ofizialki indarrean. Urte hartan, presidentetzarako hauteskundeak ere egin zituzten, eta bozen aurreko hilabeteetan ehunka militarrek zurien jabetzei eraso zieten, lur eremuak indarrez okupatuz. Nekazaritza lur horietako asko, baina, militar buru eta Mugaberen gertukoen esku geratu ziren, eta horiek nekazari txikiei alokatzen dizkiete, diru kopuru handiak eskatuz trukean. Horretaz gain, azken urteetako istiluek zaildu egin dute lurrak lantzea, eta elikagaien krisiari eta laboreak nahiz ongarriak lortzeko zailtasunari lotuta, gutxiago ekoiztea eragin du horrek, ekonomia krisia are gehiago okertuz.

Hazi eta ongarrien negozioa

«50 kilo arto eta sei zaku ongarri eman dizkigute, baina hori ez da nahikoa gure lurra lantzeko. Hortik aurrerakoa erosi egin behar izan dugu», dio Peter Tinonak. Zuriena izandako lur eremu bat eskuratu duen nekazarietako bat da bera. Berez, Gobernuak berak banatzen ditu haziak eta ongarriak nekazari txikien artean, baina errealitatea bestelakoa da. Izan ere, oposizioak salatu du banatu beharreko gaien zati handi bat militarren esku geratzen dela, eta ondoren merkatu beltzean saltzen dutela. Bozak gertu daudenean, berriz, botoak erosteko erabiltzen dituzte; Mugaberen gobernuak, ordea, ukatu egin du halakorik.

Gobernuak dio 750.000 lagunek jaso dutela zuriei kendutako lur zatiren bat. Baina herritarren esanetan, eremu hoberenak Mugaberen gertukoen artean banatu dituzte. Haserrea baretu eta botoak bildu asmoz estatuburuak ongarria eta bestelako baliabideak banatu ditu nekazarien artean, baina hori ere beranduegi heldu da batzuentzat. «Aldaketa nahi dugu. Lana nahi dugu gure seme-alabentzat, eta oinarrizko gaiak merkataritza guneetan», dio Edgar Tawanda 52 urteko nekazariak. Hararetik iparraldera dagoen herri txiki batera joan zen 2000n Tawanda, han bere seme-alabek etorkizun hobea izango zutelakoan. Orain, ordea, beldur da datozen hilabeteetan zer jan izango duten. Izan ere, uholdeek ia ezerezean utzi dute iazko uzta, eta horren zati handi bat hazitarako erabili beharko dute. Arazo bera izan dute beste nekazari askok ere. Horren adibide datu bat: 1999 eta 2000 artean 220.000 hektarea soja landatu dituzten; aldiz, 2007 eta 2008 artean soilik 120.000. Artoari dagokionez, berriz, 1999 eta 2000 artean 850.000 hektarea landatu zituzten; eta 2007-2008 bitartean, 500.000.

Hori nahikoa ez eta, oposizioaren alde egin duten nekazari askok ihes egin dute edo ezkutatu egin dira, militarren erasoen beldur. Horretaz gain, nabarmen ugaritu dira lapurretak baserrietan, hirietan askok ez baitute zer jan. «2001ean etorri nintzen hona. Hirian argindarra badagoen arren, zer da argindarra goseak zaudenean? Orain, ordea, arazoak ditugu haziak eta ongarria lortzeko. Gainera gero eta gehiago dira gure lurrak okupatu nahi dituztenak, hirietan janaria lortzeko arazoak dituztelako», dio Hopek.

Zuriak oraindik ere nagusi

Nekazaritza erreforma hasi zenean 4.400 lurjabe zuri zeuden Zimbawen, eta horien esku zeuden lur hoberenen %75. Iaz, berriz, 400 lurjabe zuri bakarrik geratzen ziren, eta haien esku zegoen eremua askoz ere txikiagoa izan arren, lurrak hobeak izaten jarraitzen zuten. Nekazari txikien artean banatutako eremuak, gainera, lehorrenak dira. Horretaz gain, Mugabe lurrak banatzera mugatu da, horietan kokatzen diren herritarrentzat azpiegiturak sortu gabe. Ondorioz, nekazari gehienak argindarrik eta iturriko urik gabe daude, eta medikutara joateko dozenaka kilometro egin behar dituzte.

Bestalde, lurjabe zurien aurkako indarkeriak nazioartearen haserrea eragin du. Kalte-ordainak emateko eskatzen dute haiek, baina Mugaberen gobernuak ez du halakorik entzun nahi. Zuriek argudiatzen dute ez zituztela berak okupatu lur horiek, eta beste edozein nekazarik bezala, haiek ere ordaindu egin zutela horiek eskuratzeko.

Baina ia 30 urte agintean egon ostean, Mugabe ez dago boterea uzteko prest. Aurreko bozetan bezala, orain ere desjabetzen auzia izan da haren kanpainaren oinarri nagusi, eta ohartarazi du ez duela presidentetza utziko zurien lur guztiak beltzen esku geratzen diren arte. Oposizioko buru Morgan Tsvangiraik, berriz, nabarmendu du egunero mila lagun inguru herrialdetik ihes egitera behartzen dituen krisia ez dela konponduko «benetako nekazaritza erreforma» egiten den arte. Horiek hala, lurrak beren jabeei itzultzearen alde agertu da oposizioa.



Zuriei kendutako lurretako asko Mugaberen gertukoen esku geratu dira

Lurjabe zurien aurkako indarkeriak nazioartearen haserrea eragin du





Morgan Tsvangirai

Erresistentziaren ikurra

Robert Mugabe agintera heldu denetik izan duen lehen aurkaria izan da Morgan Tsvangirai (Gutu, 1952). Horregatik agian, maiz eraman dute preso traizioa leporatuta. Iaz, esaterako, mundu guztiko komunikabideetan agertu zen Poliziak emandako jipoien arrastoak aurpegian zituela. 22 urte zituela ikasketak utzi eta meatzari gisa lanean hasi zen; egun, baina, erresistentziaren ikur bilakatu da askorentzat.

Presidentetzarako bozetako lehen itzulian irabazita, Mugabe agintetik kentzeko gai izango zela uste zuten herritarrek. Baina azken unean eta oposizioaren aurkako erasoak direla eta, kanpaina bertan behera uztea erabaki du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.