Mundua

Zimbawen kolera izurriteari aurre egiteko dirurik ez dutela jaso salatu dute NBEko agentziek

Giza laguntzarako erakundeen arabera, 3.295 lagun hil dira kolerak jota, azken orduetan 69 lagun hil eta beste 1.792 kutsatu direlako. Kutsatuak orotara 64.701 dira. "Kolera kontroletik kanpo dago", ohartarazi dute Osasunerako Munduko Erakundeko iturriek.

2009ko otsailaren 3a
14:11
Entzun
Zimbaweko kolera izurritea hedatu eta hedatu dabil, eta giza laguntzarako erakundeek salatu dute horri aurre egiteko "euro bakar bat ere ez" dutela jaso NBE Nazio Batuen agentziek. 3.295 lagun hil dira kolerak jota, azken orduetan 69 lagun hil eta beste 1.792 kutsatu direlako. Kutsatuak guzira 64.701 dira, mediku iturrien esanetan. "Munduan inoiz erregistratutako izurriterik bortitzenetakoa da, eta beldur gara inguruko herrialdeetara ez ote den zabalduko", adierazi dute NBEko agentzietatik.

Izurriteak eragindako batez besteko hilkortasun tasa %5,1 eta 5,2 inguruan dago, eta OME Osasunerako Munduko Erakundeko eledun Fadela Chaibek ohartarazi du ezinean dabiltzala hura kontrolatzeko: "Zoritxarrez, izurritea kontrolatzetik urrun gaude, hori egin ahal izateko tasa %1etik behera egon beharko litzatekeelako. Kolera kontroletik kanpo dago; zoritxarrez, izan daitekeen egoerarik okerrenera hurbiltzen ari gara".

Ildo berean, oso kezkatua agertu da MMEko zuzendari nagusiaren albokoa, Eric Laroche: "Kasuen kopurua handiegia da".

Euriteen sasoi betean izateak (urtarriletik martxora) ez dio egoera hobetzeari laguntzen, izurritea ur kutsatuetan hedatzen delako eta larrialdiko laguntza helaraztea zailtzen duelako.

Larocheren hitzetan, beste arazo garrantzitsu bat zera da, osasun zerbitzuetako langileek ez dituztela beren soldatak jasotzen, eta NBEren Unicef agentziak ordainketa horiei aurre egiteko bost milioi dolar desblokeatu zituen arren, langileek ez dute dirua jaso, diruaren zirkulazio gutxia dela eta.

Laguntza agentziak kexu dira Zimbaweko presidente Robert Mugabek galarazi edo zaildu egiten duelako giza laguntzarako erakundeak herrialdera sartzea.

OMEko ordezkariak azaldu duenez, koleraren kutsadura oso bizkor gertatu zen, hasieran ez zutelako atzeman. "Orain erantzuna egokia izaten ari bada ere, oso-oso zaila da gaitza geraraztea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.