Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarrean gaur egingo diren presidentetzarako bozetan, uhartea bateratzearen eta Europako Batasunaren alde den Mehmet Ali Talat jarduneko lehen ministroa da faborito handia. Greziarrak gehiengoan diren Zipre hegoaldearekin berriro bat egitearen aurka den eta azken hogeita hamar urteotan agintean izan den Rauf Denktash ez da hauteskundeotan lehiatzen.
Botoa emateko adinean diren Zipre turkiarreko bizilagunen artean egina izan den inkesta bakarraren arabera, Turkiako Alderdi Errepublikanoa (CTP) zentro-ezkerreko alderdiaren buruzagi Mehmet Ali Talat gaur egingo diren presidentetzako bozen irabazle emana da, lehen itzulitik bertatik botoen %55 lortuko dituela iragartzen baitiote. Boto intentzioetan nabarmen atzetik emana da Batasun Nazionalaren Alderdiko hautagai Dervis Eroglu; bozen %27 besterik ez diote iragartzen. Kadem inkesta etxearen galdeketa honek, berriz, botoen %8,9 besterik ez dio ematen Alderdi Demokratikoaren lehiakide Mustafa Arabaciocluri. Alta bada, Alderdi Demokratikoa, 1974. urteaz geroztik Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarreko presidente izandako Rauf Denktashen indar politikoa da. Hala eta guztiz ere, gaurko emaitzen aurreikuspenak ez dira hainbat ustekabekoak, Denktashen agintearen beherakada nabarmendu baitzen joan den otsailean gertatutako Legebiltzarrerako bozetan. Boz hauetan, Mehmet Ali Talaten CTP alderdiak Zipre turkiarreko Parlamentuko 50 hautetsi jarleku- etatik 24 bereganatu zituen. Porrot honen ostean, Rauf Denktashek jakinarazi zuen presidentetzako hauteskundeetara ez zela lehiatuko.Egun 81 urte dituen agintari historikoak Zipre iparraldeko biztanleei dei samina egin die Zipre hegoaldeko greziarrekin bat egiteari arbuio egin diezaioten. «Bake egonkor baterako oinarria geure burujabetza da; hau ez digu inork ukatzen ahal», adierazi zuen ostegunean Denktashek, mitin batean.
Gazteak batasunaren alde
Mehmet Ali Talat uhartearen bat-egitearen eta Europako Batasuneko kide bilakatzearen aldekoa da. Egitasmo hauekin bat datoz, Zipre iparraldeko belaunaldi gazteak, hauek ez baitute bizi izan 1974ko gerra zibila. Gazteak uhartearen iparraldeak pairatzen duen ekonomia egoera nekezkoaz aspertuta daude eta bat-egitearekin zein EBn sartzearekin hobekuntzarik egon daitezkeela uste dute.
Uhartea berriz batzearen aldeko hautagai batek presidentetzako bozak irabaztea ez litzateke harritzekoa ere, iazko erreferendumaren emaitzak gogoan edukita. Nazio Batuen Erakundeak Zipre berriro batzeko planteatutako planaren alde gehiengoz botoa eman zuten alde turkiarreko biztanleek. Zipreko alde greziarreko bizilagunek, aitzitik, gehiengoz arbuiatu zuten.
ZIPRE. Batasunaren aldeko presidentegaia da faborito gaur iparraldeko bozetan
Hogeita hamar urtez agintari izandako Rauf Denktash ez da aurkeztu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu