Zipre uhartea berriz batzeko negoziazioak hasi dituzte

Khristofisek eta Ali Talatek izandako jarrera baikorra txalotu du Ziprerako NBEko ordezkari berezi Alexander Downerrek

2008ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Baikor agertu dira Zipreko buruzagiak. Zuzeneko negoziazioak hasi baino ez dituzte egin, hala ere, uhartea berriro batzeko akordioa urte honen amaierarako lortzea espero dute. Dimitris Khristofias Zipreko Errepublikako presidentea (greziar-zipretarra) eta Mehmet Ali Talat Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarrekoburuzagia (turkiar-zipretarra) Nikosian bildu ziren atzo. Lanean jarraitzeko konpromisoa hartu zuten bertan; hala hilaren 11n bilduko dira berriro. Gobernu berria osatzeaz eta botere banaketaz ariko dira datorren ostegunean, besteak beste.

Alexander Downer Ziprerako NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkari bereziak historikotzat jo ditu negoziazioak. Bi aldeen arteko akordioa lortzeko esperantzak daudela uste du, gainera. Uhartearenbatasuna lortuko bada ere, etorkizunean zailtasunak eta desafioak izango direla uste du, hala ere. Turkiak 1974an inbaditu zuen uhartearen iparraldea; ordutik, Zipre bitan banatuta egon da. 34 urtetan uhartearen batasuna lortzeko saiakera antzuak baino ez dituzte egin. Oraingo honetan, baina, bake akordioa lortzea posible dela uste du Downerrek.

2004an, Kofi Annan orduko NBEko idazkari nagusiak proposatutako bake planari ateak itxi zizkioten greziar-zipretarrek; herritarren gehiengo batek proposamenaren aurka bozkatu zuen . Ordutik, lehen aldia da negoziazioei serio ekiten diela.

Hilabeteetan geldirik egon ondoren, pasa den martxoaren 21ean auzia konpontzeko konpromisoa hartu zuten Khristofiasek eta Ali Talatek.Atzoko bilera, nahiz datozenak prestatzeko asmoz, lan talde bat osatzea ere erabaki zuten orduan.

Jarrera baikorrak

«Herritarren sufrimenduarekin amaitzeko ordua da, baita uhartea batzekoa ere», azaldu du buruzagi greziar-zipretarrak. Iragan otsailean Zipreko Errepublikako presidentetzarako bozak irabazi zituen Khristofiasek. Hauteskunde kanpainan agindu bezala, kargua hartu eta egun gutxira, uhartearen etorkizuna aldatzeko prest agertu zen, Ali Talatekin batera.

«Bi nazioak elkar biziko diren lurralde bateratua eratu behar dugu zatitutako uhartearen gainean», adierazi du, bestalde, turkiar-zipretarren buruzagiak. «Ankara konponbide baten aldekoa da. Horri esker gaude hemen, lau urteko blokeoaren ondotik, irtenbide bat lortzea posible dela uste dugulako. Bi aldeen interesak biltzen dituen akordioa lortzeko itxaropena dugu», gehitu du Ali Talatek.

Jarrera baikorrak izan dira nagusi lehenengo negoziazio saioan. Mamitsua baino sinbolikoa izan da, hala ere, ordubete eskas iraun duen bilera. Nahikoa izan da, ordea, konponbidea urte honen amaierarako lortuko dutela konturatzeko. «Akordioa noizdugun galdetzen badidazue, nik urte honen amaierarako lortuko dugula esango dizuet. Urte honetan bertan irtenbidea lortzeko itxaropena dut», adierazi du, hala, Ali Talatek.

Borondate onarekin aspaldiko ezinikusiei aurre egitea espero dute Khristofiasek eta Ali Talatek. Herritarrek etorkizun hobea merezi dutela iritzi diote, izan ere. Etorkizun hiru nolakoa izango den, baina, ez dute ez batak ez besteak aipatu. «Bi aldeek ikuspuntu ezberdinak izango dituztela jabetzen naiz. Ezberdintasun horiek ez direla gaindiezinak uste dut, ordea», adierazi du Iparraldeko Zipreko Errepublikako Turkiarreko buruzagiak.

Greziar-zipretarrek Zipreko Errepublikaren segida izango den estatua dute burutan. Turkiar-zipretarrek, aldiz, iraganarekin hautsi, eta erakunde berria sortu nahi dituzte. Auzi hori baina ez da bi buruzagiek konpondu beharreko arazo bakarra. Balizko estatuan komunitate bakoitzak izango duen botere kuota eta estatuko organoetan bakoitzak izango duen ordezkaritza eta funtzionamendua ere eztabaidatuko dituzte datozen asteetan. «Ez dago eztabaidarako gai erraz bat bera ere. Denak dira garrantzitsuak eta konplexuak», adierazi du zipreko Errepublikako Atzerri ministro Marcos Kiprianuk.

Adituek, bestalde, Turkia EB Europako Batasunean sartuko bada, aurrez uhartean dagoen gatazka konpondu beharko dutela uste dute -Turkia da Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarraren independentzia berretsi duen herrialde bakarra-. Hori hala, uhartea batzeko une aproposagorik ez dela egon iritzi diote.Azkenean hala gertatzen bada, eta turkiar-zipretarrek eta greziar-zipretarrek bat egiten badute, munduarentzat eredu izango direla uste du Downerrek.



Kronologia

1974. Turkiak uhartea inbaditu zuen, eta Zipre bitan banatu zen.

1975. Turkiar-zipretarrek administrazio independentea sortu zuten. Raul Denktash izendatu zuten presidente.

1977. Maila Goreneko Akordio bi egin zituzten 1977 eta 1979. urteetan. Zipre Federalaren printzipioa jasotzen zuten akordio horiek.

1983. Denktashek Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarra aldarrikatu zuen. Turkiako Gobernuak baino ez zuen berretsi.

1984. Bake negoziazioei heldu zieten beste behin, baina ez zuten inolako emaitzarik izan.

1994. EB Europako Batasunak bahimendua ezarri zion Zipreko iparraldeari (turkiar-zipretarra).

2003. Tassos Papadopulos Zipreko Errepublikako (greziar-zipretar) presidente izendatu zuten. Urte horretan bertan turkiar-zipretarrek protesta ugari egin zituzten Denktashen gobernuaren aurka. Apirilean, bestalde, EBn sartzeko ituna sinatu zuen Zipreko Errepublikak.

2004. NBE Nazio Batuen Erakundeak proposatutako plana bozkatu zuten; greziar-zipretarren %75 planaren aurka agertu ziren, eta turkiar-zipretarren %60 alde . Uharte konfederatua proposatu zuen NBEk.

2005. Mehmet Ali Talat turkiar-zipretarren buruzagi izendatu zuten.

2006. Politika bakarra oinarritzat hartuta, bi herri eta bi eremuko federazioa osatzeko konpromisoa hartu zuten.

2007. Bi aldeek jarrerak gerturatzeko ahaleginak egin bazituzten ere, ez zituzten bake negoziazio formalak hasi.

2008. Dimitris Khristofias buruzagi komunistak irabazi zituen Zipreko Errepublikako presidentetzarako hauteskundeak. Gutxira, Khristofiasek eta Mehmet Ali Talatek zuzeneko negoziazioak hastea hitzartu zuten. Atzo hasi zituzten Zipreko buruzagiek uhartea berriz batzeko zuzeneko negoziazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.