Zipreko buruzagiek irla bateratzeko bilerak hasiko dituzte irailean

Turko-zipretarren eta greko-zipretarren buruzagiek bakearen bideari ekiteko bilerak irailaren 3an hasiko dituzte, Nikosian

Naiara Elola.
2008ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Zipre bateratzeko negoziazioak datorren irailaren 3an hasiko dituzte, 2004. urteko saioak porrot egin ostean. Erabakia atzo hartu zuten Mehmet Ali Talat turko-zipretarren buruzagiak eta Dimitris Khristofias greko-zipretarrenak, Nikosian (Zipre) egindako bileran. Iturri ofizialek jakinarazi dutenaren arabera, irailetik aurrera astean behin bilduko dira bi agintariak konfiantza berreskuratzeko neurri gisa. Orduan hasiko dituzte Zipreko Federazioa sortzeko beharrezkoak diren pausoak ematen. Dena den, bileran Talat eta Khristofiasek Mediterraneoko herrialdeari dagokion neurri berri bat onartu dute; orain arte uharteko bi komunitateen artean zeuden zazpi bidegurutzeei beste bat gehitzea. Llimntis herrian kokatuko dute bi aldeak lotuko dituen gunea. ,

Irailean hasiko dituzten negoziazioen helburua Ziprek urte luzeetan bizi izan duen gatazkari irtenbide baketsua ematea da. Guztiaren xederik nagusia greko-zipretar eta turko-zipretar guztien oinarrizko eskubideak bermatzea da.

Datorren irailaren 3tik aurrera egitekoak diren bileretan hartutako erabakiak erreferendum sorta baten bitartez onartu beharko dituzte herritarrek; batzuk uharteko biztanle guztiek batera bozkatuko dituzte, eta beste batzuk, berriz, banatuta azaldu beharko dute beren jarrera irlako bi komunitateek

Hil honen hasieran Talat eta Khristofiasek egin zuten bileran gatazkaren irtenbideak sistema federal batean oinarritu behar duela hitzartu zuten. Hala, bi komunitate izango lituzke irlak, baina nazioartean izaera legal bakarra. Bi aldeen arteko harremanak sustatzeko, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak beren laguntza eman nahi izan dute irailean gatazkari irtenbide bat emateko.

Turkiako indar armatuek 1974. urtean Ziprera indarrez sartu ostean hasi zen gatazka. Orduan sortu zen Zipre Iparraldeko Turkiako Errepublika. Hala ere, azken hori Ankarako Gobernuak soilik onartu zuen; nazioarteko beste herrialdeek ez zuten herrialde berria zilegitzat hartu. Ordutik,Turkiako armadako 42.000 soldadu daude Mediterraneoko irla horretan. Bestalde, Zipreko Errepublikan gehienak greziarrak dira, eta irlaren hiru herenetan daude hedatuta. Hala, nazioarteak aitortu dio zilegitasuna greko-zipretarren herrialdeari eta 2004. urtetik Europako Batasuneko kidea da.

Halaber, Zipreko federazioa sortzeko irailean hasiko duten ahalegina ez da lehenengoa. Izan ere, 2002. urteko azaroan federazio bat osatzeko erreferenduma egin zen, baina greko-zipretarrek ez zuten onartu. Proiektua aurrera atera zedin, bi komunitateek baiezko boza ematea ezinbestekoa zen.

Gatazka honetan adituak direnen ustez, Ankarak (Turkiak) izango du prozesuaren giltza. Izan ere, irailetik aurrera gai arantzatsu ugari ebatzi beharko ditu: kolono turkiarren presentzia eta Zipre iparraldean dauzkan 40.000 soldaduen etorkizuna, besteak beste. Gainera, Turkiako barne politikaren egoera ez da batere ona AKP Garapena eta Justizia Alderdia, zein Gobernuan dagoen, legez kanpo uzteko eskaera egin baitute giza eragileek.



Kronologia

ZIPREREN IBILBIDEA

1914. Otomandarren eskutik Erresuma Batuaren menpe egotera pasatu zen.

1925. Zipre kolonia britainiarra bihurtu zen.

1955. Greko-zipretarrek Erresuma Batuaren aurkako borrokari ekin zioten. Zipreko Borrokalarien Erakunde Nazionalak uhartea Greziari lotzea zuen helburu: enosia.

1956. Makarios artzapezpikua, enosia-ren bultzatzailea, erbesteratu zuten.

1959. Makarios itzuli eta presidente aukeratu zuten.

1960. Komunitate greziar eta turkiarren Konstituzioaren inguruan bat etorri eta Ziprek independentzia lortu zuen.

1963. Konstituzioan hainbat aldaketa proposatu zituen Makariosek. Borrokak hasi ziren.

1964. NBEk bake indarra ezarri zuen.

1974. Greziako Junta Militarrak Makariosen aurkako estatu kolpea babestu zuen. Turkiako tropek iparraldea okupatu zuten.

1975. Turko-zipretarrek administrazio independentea sortu zuten. Rauf Denktash izendatu zuten presidente.

1977. Makarios hil zen.

1980. Bake elkarrizketei berriz heldu zieten bi aldeek.

1983. Denktashek Zipre Iparraldeko Errepublika Turkiarra aldarrikatu zuen.

1994. EBk bahimendua ezarri zion Zipre iparraldeari.

1998. Clerides, presidente. Bruselak uhartea EBn sartzeko hautagai izendatu zuen.

2002. Cleridesek eta Denktashek negoziazioak hasi zituzten, NBEren bitartekaritzarekin.

2004. Koffi Annan NBEko idazkari nagusia izandakoak bake plan moldatua aurkeztu zuen. Prozesua blokeatuta egon da greko-zipretarrek erreferendumean ezetza eman ostean.

2008. Zipreko buruzagiek uhartea bateratzeko bilerak irailaren 3an hastea hitzartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.