Zipreko koalizio gobernua hautsi dute uhartea bateratzeko arazoengatik

Krisi politiko eta sozial sakona igarotzen ari da Zipre; uhartea bitan banaturik dago, gizartea bera bezala

2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Zipreko Errepublikako DIKO zentroko alderdiko buruak, Marios Karoyianek, alderdi komunistarekin batera osatzen zuen gobernu koalizioa utziko duela iragarri du. Dimitris Christofias Zipreko presidentearekin bilera egin ostean hartu du erabakia; bere hitzetan, «gizarteko arazoei konponbidea bilatzeko akordiorik» lortu ez dutelako. Izan ere, uztailaren 11n militarren base bat eztandarazi zuten, eta 11 hildako izan ziren. Geroztik, uhartea bateratzeko dauden arazoak areagotu egin dira.

2008ko hauteskundeetan DIKO alderdiak Christofias presidentearen hautagaitza babestu zuen. Halaber, EDEK alderdi sozialistak ere bat egin zuen koalizioarekin, eta komunisten AKEL alderdiko ordezkariak lortu zuen presidentetza. Orain, baina, DIKOk koalizioa hautsi du, EDEKek lehengo urtean egin zuen eran, eta alderdi komunista bakarrik geratu da Zipreko Gobernuan.

Stefanos Stefanou gobernuko bozeramaileak adierazi du Christofias presidentea «atsekabeturik» dagoela, baina beste alderdiei «eskuak luzatu» dizkiela gaineratu du, elkarlanean jardun dezaten. Datorren astean gobernu berria osatzen hasiko direla aurreikusi du Stefanouk, eta orain arte kanpo egon diren alderdiek parte hartuko dutela.

Bitan zatitutako uhartea

Zipre uhartea bitan banaturik dago 1974az geroztik. Turkiako armadak iparraldea indarrez hartu zuen orduan, eta hegoaldeak Greziaren menpe jarraitu zuen. Christofias buru duen gobernuak ahalegin ugari egin ditu uhartearen bi eremuak batzeko, eta Nazio Batuen Erakundeak abiarazitako elkarrizketetan parte hartu du. Bi aldeen arteko zatiketa nabariagoa da 2004an Zipreko Errepublika Europako Batasunean sartu zenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.