Zirarra eta tentsioa

Egun erabakigarria eta hunkigarria izan da atzokoa Mahmud Abbas entzutera kalera atera diren palestinarrentzat, baina egunean zehar izandako tentsioak eta liskarrek ilundu dute herritarren itxaropena.

Ane irazabal
Jerusalem
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Esertzea merezi dugu, aulki bat izan eta behingoagatik atseden hartzea». Horrela definituzituen Fadua Khader ekintzaile palestinarrak Mahmud Abbasen hitzaldiaren osteko bere sentipenak. Beste palestinar asko bezala, Jerusalemgo Damaskoko atearen aurrean bildu zen atzo arratsaldean, estatu palestinarraren alde egin zen eserialdian.

«Al-Quds (Jerusalem) da gure hiriburua», oihukatu zuten behin eta berriz palestinarrek, baina ez zen aparteko ikuskizunik izan. Damaskoko atean jartzekotan ziren pantaila handia debekatzea erabakizuen Israelgo Poliziak, eta azken momentuko erantzun gisa, denden kanpoaldera atera zituzten aulkiak eta telebistak palestinarrek. Hitzaldiak iraun artean, txaloak eta kantak nagusitu ziren bertan elkarteraturikoen artean.

«Indarkeriarik erabili gabe estatu palestinarraren alde kantu egin nahi dugu, israeldarrek ikus dezaten era baketsuan beraiekin bizi nahi dugula», adierazi zuen Ammar Zorbe Jerusalemgo herritarrak. Adnan Husseini, PAN Palestinako Aginte Nazionalak Jerusalemen duen gobernadorea ere jendetzari hurbildu zitzaion, hitzaldiaren ostean. «Abbasen hitzaldi hunkigarria ospatzen ari gara gaur. Batzar Nagusiko herrialdeek serioski entzun gaituzte. Ziur nago gure mezua iritsi zaiela».

Jerusalemdik itxaropena izatekoeskubidea eskatu zioten NBEri. Ez da alferrik hiria israeldarren eta palestinarren arteko auziaren puntu beltzetako bat. Palestinarrek hiriburutzat aldarrikatzen dute,eta gunerik zapalduenetakoa baita.

Diskurtsoaren ondotik, halere, eztabaida piztu zen bildutakoen artean. Batzuek emozioa erakusten zuten bitartean, kritiko agertu ziren beste zenbaitzuk. «Polita izan da, baina ez du ezertarako balioko. Amerikako Estatu Batuen betoa ziurra da, beraz, ez dugu estatu osoa eskuratuko», nabarmendu zuen Jerusalemgo Mahmudek. Esther izeneko ekintzaile israeldarrak ere argi zeukan: «Gure babesa erakutsi nahi diegu palestinarrei, baina gaurkoa lehenengo pausoa besterik ez da, hitzaldiaren ostean dator benetako froga».

Ramalan, oso pozik

Ikusminez beteriko eguna izan zen atzokoa, eta Ramalan antzeman zen poztasunik handiena. PANeko Mahmud Abbas presidenteak froga erabakiorra zuen nazioarteko komunitatearen aurrean, eta herritarrek aitortzari babesa erakusteko deialdiari erantzun zioten. Milaka pertsona bildu ziren hiriko kaleetan, hitzaldia entzuteko PANek espreski antolatu zen ikuskizunean. Herritarren txaloek behin baino gehiagotan zaildu zuten Abbasen hitzak entzutea.

Dena, ordea, ez zen poztasuna izan, eta arratsaldean Nabulus inguruan Israelgo soldaduek tiroz hil zuten palestinar gaztearen aldeko oihuak ere entzun ahal izan ziren. «Guk zubiak proposatu eta beraiek probokazioz eta tiroz erantzuten dute», adierazi zuen Adnan Husseinik, kolonoek eta soldaduek izan zuten jarrerari aipu eginez. Beldur dira gainera, egunotan, horrelako beste asko bizi behar izango dituztela, kolonoak prest baitaude erasotzeko, armaturik, eta inpunitate osoz, armadaren babesarekin. Atzo palestinarren gune guztiak josi zituzten segurtasun neurriz, gizon eta emakume armatuen zaintza bereziz.

Abbasen diskurtsoaren ostean Benjamin Netanyahuren unea iritsi zen NBEaren Batzar Nagusian. «Ez gaude gehiago Israelen esperoan», nabarmendu zuen Fadis Abu Maria dendariak, lehen ministroaren berbaldirako telebista itzaltzen zuen bitartean. Netanyahuren aurpegia ikusi ere egin nahi ez zutela esanez alde egin zuten herritar askok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.