Libiako Zirenaika eskualdea eskualde federal unionistan aldarrikatzea adostu dute 3.000tik gora buruzagi tribalek. Bengazi Zirenaika eskualdeko hiri nagusian bildu dira, eta 1951ko Konstituzioko mugak berrezartzea erabaki dute. Ahmad al-Zabir al-Sanusik zuzenduko du probintzia federala, eta eskualdearen administrazioaz arduratuko da. Libiako lehen ministro Abderrahim al-Kib eskualde autonomoa sortzearen aurka agertu da, baita libiako Ministroen Kontseilua ere.
Bengazin bildutako buruzagi tribalen arabera, helburua ez da Libia uztea, herrialdea federalista bihurtzea baizik: «Islamaren legea betetzen duen Konstituzioak agindu bezala, Libiak gobernu federal unionistetan banatua izan behar du». Libiako lehen ministroaren esanetan, ordea, ez du Libia eskualde federaletan banatzeko asmorik. Deszentralizazioaren aurka egingo du, eta, trukean, Bengazin eta Sabhan administrazio egoitzak ezarriko dituela agindu du. Petrolio gehien duen eskualdea da Zirenaika.
Erromatarren probintzia
Zirenaika probintziak Sirtetik Egiptoko mugarainoko eremua hartzen du. Erromatarren garaiko probintzia izan zen Zirenaika, eta eskualde hori aldarrikatu dute Bengazin bildutako buruzagi tribalek, baina Libiako batasuna babestu dute, Trantsiziorako Kontseilu Nazionala «batasun horren nazioarteko ordezkaria» dela esanez.
Dena den, Libiako Ministroen Kontseiluak ezohiko bilera egin zuen igandean, deszentralizazioaren eta federalismoaren aurkako lege proiektua adosteko. Zirenaikan hasi zen Muamar Gadafi boteretik bota zuen iazko matxinada, eta Bengazi erreboltarien hiri nagusian bilakatu zen.
Zirenaika eskualde federala aldarrikatu dute Libiako tribuek
Bengazin bildutako 3.000 buruzagi tribalek 1951ko Konstituzioko eremua berreskuratzea adostu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu