Ongietorria izan behar zuena debeku bihurtu da. Zisjordaniara joatekoak ziren giza eskubideen ehunka ekintzailek ezin izan dute helmugara iritsi. Europako aireportuetan geratu dira asko, hegazkina hartu ezinik, eta besteak, iritsi direnak, atxilotu eta deportatu egin dituzte. Ekintzaileen bisita gelditzeko makinaria diplomatikoa aste osoan egon da martxan. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak «probokatzaileen aurrean ausardiaz» jokatzeko agindu die segurtasun indarrei, eta sarrera debekatzeko eskubidea aldarrikatu du behin eta berriz. Yitzhak Aharonovich Barne Segurtasuneko ministroaren mezua are zuzenagoa izan da, eta «hooligantzat» jo ditu ekintzaileak: «Ez dira ongi etorriak, eta nazioarteko hitzarmenei jarraituz kanporatuko ditugu».
Azken orduetan, ordea, pauso bat haratago egin du Israelgo Gobernuak. Garraio Ministerioak ustezko 342 ekintzailez osaturiko zerrenda beltza bidali die Europako eta AEBetako hegazkin konpainia batzuei, tartean, Luthansa, Airfrance, Easy Jet eta Alitalia. Haaretz egunkariari emandako elkarrizketan, Ben Gurion aireportuko zuzendariak honela arrazoitu du erabakia: «Gertakari hau arazorik gabe edo katastrofe bat legez amaituko da, ez dago erdibideko punturik».
Israelek ahalegin berezia egin du Flytilla izenez bataiatu den ekimenaren eta Askatasunaren II. Flotillaren arteko lokarria egiten; izan ere, nazioarteko aktibisten bidaiak bat egin du Greziak flotillari ezarritako blokeoarekin. Antolatzaileek salatu dutenez, «paralelismo maltzurra» zabaldu nahian dabil Netanyahu. «Bere ekintzak justifikatzeko estrategia bat besterik ez da», nabarmendu dio BERRIAri Mazin Alazze Betleemgo herri komiteetako zuzendariak. «Nazioarteko Justizia Auzitegiak Zisjordaniako harresia eta koloniak legez kanpokoak zirela ebatzi zueneko datarekin hasi nahi izan dugu kanpaina, besterik ez», gaineratu du.
Gaitzespen irmoa
Arrazoiak arrazoi, ehunka laguni Ben Gurion aireportura bidaiatzeko eskubidea galarazi diete aire konpainiek. Hegazkinak hartzea lortu duten ekintzaileak, berriz, atxilotu (65 lagun) eta kanporatu (30) egin dituzte. «Badakite zeintzuk garen», dio izena eman nahi ez duen ekintzaile estatubatuar batek, jaioterrira deportatua izan baino lehenago.
Betleemen antolatutako prentsaurrekoan, Israelen eta Europaren jarrera gogor kritikatu dute ekimena antolatu duten erakundeetako ordezkariek, eta jakinarazi dute «xantaiaren aurrean» ez direla makurtuko. Ekintzen programak ere aurrera jarraitzen du. Sami Auad Holy Land Trust erakundeko zuzendaria «harrituta» agertu da Europako herrialdeek Israeli erakutsi dioten «konplizitatearekin»: «Europako estatu demokratikoak erakartzen ari da Israel, beretzat lan zikina egin dezaten. Iritzi politikoetan oinarrituta ari dira erabakitzen nork bidaiatu dezakeen eta nork ez, eta hori larria da oso». PAN Palestinako Aginte Nazionalak ez du inolako adierazpenik egin.
Horrez gain, ekintzaileen kontrako «jazarpena» salatzeko protestak piztu dira Tel Aviveko eta Europako zenbait aireportutan. Parisko Charles de Gaullen eserialdia egin dute ehunka ekintzailek, eta «irabaziko dugu» oihuak entzun dira, Marthin Luther Kingen hitzak gogora ekarriz. Tel Aviveko Barne Ministerioaren aurrean eta Genoako Nazio Batuen Erakundeko egoitzaren inguruan ere ekimenaren aldeko jarraitzaileak bildu dira. Israelgo «okupazio eta jazarpen politikak» salatzeko bildu direla ohartarazi du Adam Keller Israelgo bake aktibistak.
Segurtasun neurri itzelak
Ben Gurion aireportuan, berriz, protestak ahalik eta azkarren isiltzen saiatu da Polizia. Segurtasun neurri itzelak erabiliz, sarrerak blokeatu dituzte. Aireportura sartzea lortu duten zenbait aktibista israeldarrek palestinarrei elkartasuna adieraztean jipoitu dituztela salatu dute. Eta ekintzaileei babesa ematen ari diren abokatuek aditzera eman dutenez, zaila izan da atxikita dauzkatenekin kontaktuan jartzea.
Zenbait ekintzaile, hala ere, Zisjordanian daude jada, polemikak saihestu eta egun batzuk lehenago bidaiatzea erabaki ostean. Ekimenaren antolatzaileen arabera, beste hamar ekintzaile inguruk ere lortu dute aireportuko kontrolak pasatzea. Horietako bat da abizenik eman nahi ez duen Alemaniako Brigitta: «Sartzea lortu dut, ez dudalako antolatzaileekin posta elektroniko bidezko kontakturik izan. Ez dut uste Israelek nire inguruko informaziorik zuenik». Betleemera iritsi bezain pronto, ekimenak antolatu dituen ekintzetan parte hartzen hasi da. «Ez nuen nire xedea ezkutatu, hori baita egitasmoaren muina».
Ongi Etorri Palestinara ekimenaren funtsezko xedea nazioarteko ekintzaileak lurralde okupatuetara eramatea da, bertako errealitatea ezagut dezaten. Orotara 40 erakunde zibil daude proiektuaren atzean, eta egitasmoaren bidez «indarkeriarik gabeko ekintzen» aldeko konpromisoa erakutsi nahi dute. Baina Israelgo Gobernuak, Palestina hitza bera «erasotzat» jotzen duen horrexek, debekatu egin du astebeteko bisitan parte hartu behar zuten lagunen etorrera, tartean, haurren eta familien etorrera.
Ekialde Hurbila
Zisjordania ere blokeatuta
Nazioarteko ehunka bake ekintzaile lurralde okupatuetan sartzea eragotzi du Israelek; hegazkinetara igo ezinik gelditu dira askoBen Gurion aireportura iritsitako lagunak atxilotu eta deportatu egin dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu