«Zisjordaniak eta Gazak 6.205 kilometro koadro dituzte, eta horiek oso-osoan nahi ditugu», aditzera eman du Abbasek, Palestine TVtelebista katean egin dioten elkarrizketan. «Mugetan eta ura zein bestelako baliabide naturaletan burujabea izan behar duen estatu palestinar baterako geure ikuspegia hau da». Zehaztu duenez, orain arte egin duten bezala, behin-behineko mugak izango lituzkeen estatu palestinar bat arbuiatzen dute.
PANeko eta Al Fatako buruaren hitz hauek argitzeko azaldu beharra dago Nazio Batuen Erakundeak Palestina historikoa zatitzeko plana onartu zuenean, 1947. urtean, Nazioarteko Eremu izendatu zituela Jerusalem eta Belen. Hala ere, 1948-1949ko gerran, Mendebaldeko Jerusalemez gain, Galilearen zati bat (Akka eta Nazareth hiriak barne), Tel Aviv ondoko Jaffa hiri palestinarra, Zisjordaniaren zati bat eta Gazaren iparraldeko nahiz hego-ekialdeko zati batzuk ere okupatu zituen Israelek. Orotara Palestina historikoaren %78ren okupazioa burutu zuten Israelgo indar armatuek. 1967ko Sei Eguneko Gerran, aldiz, Israelgo armadak Palestina historikoaren gainerako %22 okupatu zuen, hots, Egiptoren menpe zegoen Gazaren zatia eta Jordaniaren menpe zegoen Zisjordaniaren zatia.
Abbasek orain nabarmendu nahi izan du ez duela ontzat hartzen George Bush AEBetako presidenteak berrikitan plazaratutako planteamendua, hau da, Israelekin behin betiko akordioa lortzeko bidean, anarteko mugak izango lituzkeen estatu palestinar bat sor daitekeela. Datorren azaroaren hasieran, Annapolisen (AEBak) egitekoa den Ekialde Hurbileko gatazka konponbidean jartzeko nazioarteko konferentzian Bushen planteamendu hori mahai gainean egoteari aurrea hartu nahi izan dio Abbasek. «Nazioarteko konferentzia horrek jorratu beharko dituen sei alor nagusiak dira Jerusalemen estatusa, errefuxiatuak, mugak, kokagune juduak, uraren auzia eta segurtasun kontuak».
PALESTINARREI BEGIRAKO KEINUA. Adierazpen horiek eginda, nazioarteari eta Israeli begira auzia argi planteatzeaz gain, indar politiko palestinarrei ere, ziur asko, zuzendu nahi izan zaie PANeko presidentea. Izan ere, ezkerreko bost alderdi edo erakunde politiko palestinarrek AEBetako bake konferentziari arbuio argia azaldu diote. Haien iritzian, bilera horrek «ez dio gatazkari bidezko irtenbide egonkorrik ekarriko, bai ordea, akordio partzial eta funtsik gabeko batean mugatutako kale itsu baterat eramango». FPLP Palestina Askatzeko Herri Frontea, FDLP Palestina Askatzeko Fronte Demokratikoa, PPP Palestinako Herriaren Alderdia, IPP Palestinako Herri Ekimena, eta UDP Palestinako Batasun Demokratikoak izenpetu dute Annapolisko bake konferentziaren arbuio aldarrikapen hori.
Erakunde politiko horietatik hiru behintzat -FPLP, FDLP eta PPP- PAE Palestina Askatzeko Erakundeko kide dira, eta, hain zuzen ere, nabarmendu dute egitura bateratzaile horretako osagai bakar batek -Abbas buru duen Al-Fata alderdiak; hau nagusi da PAEn- babesten duela AEBetan egingo den nazioarteko konferentzia. Hortaz, jarrera horren aldarrikatzaileek nabarmendu dute beste negoziaziorik egiten denean, palestinarren ordezkariak PAEko agintaritza egiturako osagai guztien adostasunez izendatu beharko dituztela.
Annapolisko nazioarteko konferentzia arbuiatzeko agiri horren sinatzaile ez badira izan ere, Palestinako indar politiko islamistek, halaber, goi bilera hori gaitzetsi egin dute.
Alde horretatik, Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak eta Jihad Islamikoak jakinarazi dute parte hartuko dutela Damaskon (Siria) datorren azaroaren 7an hainbat talde palestinarrek egingo duten bileran.AEBetan egingo den nazioarteko konferentziaren kontra-bilera gisa agertzen den elkarretaratze horretan, «Washingtonen egitasmoei geure erabateko arbuioa eta palestinarren aldaezineko eskubideei geure babes osoa» ematen diela esan du Jihad Islamikoko idazkari nagusiorde Ziad Nakhalak.
ISRAELDARREN ERASOAK ZISJORDANIAN.Horiek hala, Zisjordaniak Israelgo armadaren menpe segitzen du gaur egun, eta ez da egunik Tel Aviveko agintearen indar armatuek erasorik egiten ez dutenik.
Hala, Nabulus hirian atzo jazo zen tiroketa batean, Al Fatari lotutako Al Aksako Martirien Brigadetako ekintzaile bat hil eta beste bat zauritu zituzten soldadu israeldarrek. Kalkilian eta Belenen, bederatzi palestinar atxilotu zituzten.