Jerusalemgo Mezkiten Zabalgunea bera ere itxi egin zuten palestinarrentzat; Israelek 3.000 polizia zabaldu zituen inguruetan. Musulmanen otoi eguna da ostirala, eta azken hilabetean ohikoak izan dira liskarrak egun horretan. Iragan ostiralean, esaterako, 80 lagun zauritu ziren polizia eta palestinarren arteko borroketan -hogei bat polizia zeuden zauritutakoen artean-. Mezkiten Zabalgunean sartzea debekatu zieten horregatik 50 urtetik beherako palestinarrei; Israelgo pasaportea zuten musulmanak soilik sartu ahal izan ziren. Judu ultraordotoxoei, aldiz, hiriaren ekialdean martxa bat egiteko baimena eman zieten; Siluan auzoan elkarretaratu ziren.
Enfrentamenduak
Segurtasun neurriak zorroztu bazituzten ere, hiriaren hainbat puntutan liskarrak izan ziren; Ras el Amud auzoan gazte palestinarrek harriak bota zizkieten poliziei eta hiri zaharrean poliziek osatutako hesia urratzen saiatu ziren. Maan egunkariaren arabera, poliziak hainbat emakumeri jazartu zitzaizkien kontrolguneetan -makilaz jo zituztela salatu zuen egunkariak-. Ramala inguruan ere liskarrak izan ziren, banaketa hesiaren kontrako asteroko protesten harira. Miki Rosenfeld Poliziaren bozeramailearen arabera, baina, neurriak eragingarriak izan dira, eta poliziek ez dituzte negarra eragiteko gasak erabili behar izan palestinarrak sakabanatzeko. Eguerditik arratsaldeko lehen orduetara bitartean izan ziren liskarrak, betiere, polizia iturrien arabera.
Laukotearen esperoan
Zisjordania ixteko erabakia inguruabar berezian gertatu da; kokaguneak zabaltzeko iragarpenak hastear ziren zeharkako negoziazioak bertan behera gelditzea eragin baitu aste honetan. Palestinarren artean gero eta zabalduagoa dago atsekabea, agintari israeldarren harrokeriaz ohartuta. Saeb Erekat PAN Palestinako Aginte Nazionaleko negoziazio buruak berretsi du kokaguneen politikari uko egin artean ez dela elkarrizketarik izango. Philip Crowley AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamenduko eledunaren hitzetan, baina, zeharkako negoziazioak ez daude etenda, palestinarrek ez baitiete zuzenean jakinarazi elkarrizketetatik erretiratu direla. Azken orduetan zabaldu diren informazioak ez direla «zehatzak» izan, eta, kokaguneak hedatzeko iragarpenak «kontrako eragina» izan badu ere, «eztabaidak bere horretan daudela» zehaztu du.
George Mitchell AEBen ordezkaria aste honetan da berriro joatekoa eremu hartara aldeen jarrera gerturatze aldera. Mitchell Mahmud Abbas PANeko presidentearekin mintzatu zen herenegun gauean, telefonoz, negoziazioak utz ez zitzaten eskatzeko. Haaretz egunkariak eman du horren berri, eta ahalegin diplomatikoak agerian utzi dituzten beste telefono deien berri. Joseph Biden AEBetako presidenteordea etxean bueltan zela deitu zion Benjamin Netanyahuri. Eta Israelgo lehen ministroak elkarrizketa horren biharamunean esan du negoziazioei aurki ekingo dietela, hori uste duela, bederen -kokaguneak zabaltzeko planek luzejoko dutela esan omen zion Bideni-, eta hamar eguneko epean elkartuko dela berriz ere Bidenekin; oraingoan Washingtonen.
AEBak, beraz, ez dira oraingoz gai izan urtebete luzez etenda egon diren zuzeneko negoziazioak sustatzeko. Hainbat adituren arabera, presio egiteko ahalmena galdu baitu Etxe Zuriak. Aaron David Miller negoziazioetarako aholkulari ohiaren iritziz «jada ez du horrenbesteko beldurra, mirespena eta errespetua sortzen». Laukotea, berriz, heldu den ostegunean bilduko da Moskun. AEB, NBE, Europako Batasuna eta Errusiak osatzen duten taldearen lehentasuna elkarrizketak sustatzea izango da.
Kontrolguneak
614
Zisjordania. OCHA Giza Laguntza Koordinatzeko Nazio Batuen Erakundearen txosten baten arabera, 614 kontrolgune ditu Israelek Zisjordanian.Jerusalem ekialdea
Gilo: 850 etxebizitza.Pisgat Zeev: 600 etxebizitza.
Sheik Jarra: Hainbat palestinar kanporatu dituzte.
Ramat Shlomo: 1.600 etxe.
Siluan: Palestinarren 88 etxe bota dituzte.