Israelgo Armadak 400 kontrol militar ditu egun Zisjordaniako lurretan, etaeremu horretan bizi diren palestinarren eguneroko bizitzarako oztopo handia dira kontrol horiek. Mahmud Abbas PANeko presidentearekin herenegun egin zuen bileran neurri horiek lasaitzea hitzartu zuen Olmertek, eta 400 kontrol horietatik 59 kentzeko agindu du gaur. Dena den, ez dute zehaztu zein kontrol postu izango diren kenduko dituztenak.
Kontrolei buruz ez ezik, preso palestinarren askatzeari buruz ere aritu ziren Olmert eta Abbas bilera horretan, eta Eguberria zein musulmanen Arkumearen Jaia ospatzen dela-eta preso horietako zenbait aske uzteko prest agertu zen Olmert. Gainera, atzera bota zuen urrats hori emateko orain arte jartzen zuen baldintza: ekintzaile palestinarrek ekainaren 28an bahitu zuten Gilad Shalid soldadu israeldarra libre uztea. Hau da, Shaliden askapena trukean eskatu gabe presoak libre lagatzeko prest agertu zen.
Amir Peretz Israelgo Defentsa ministroak bat egin du Olmerten proposamenarekin, eta baldintzarik gabe presoak askatzearen alde egin du gaur, Parlamentuko agerraldian. Urrats hori "borondate oneko keinua" litzatekeela adierazi du.
Era berean, Siriarekin negoziazioak hasteko prest agertu da Olmert, baldin eta "Hamas babesteari" lagatzen badio.
Arestian aipatu bezala, herenegun Abbasekin bilera egin ondoren iragarri ditu neurri horiek guztiak Israelgo lehen ministroak. Herenegungo bilera bi agintariek formalki egin duten aurrenekoa izan zen.
Ekainaren 28an palestinarrek Shalid soldadua bahitu zutenean erasoaldi gogorra abiatu zuen Israelek palestinarren eta Libanoren aurka. Azken asteetan jarrera baretu du, baina bitartean palestinarren barne gatazka areagoatu da, hau da, Al Fataren eta Hamasen jarraitzaileen artekoa.
Ekialde Hurbila
Zisjordaniako 400 kontrol militarretatik 59 kentzeko agindu du Israelek
Ehud Olmert Israelgo lehen ministroak Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearekin hitzartu zuen herenegun Zisjordaniako kontrolak urritzea. Zenbait preso palestinar aske uzteko prest agertu da, eta baita Siriarekin negoziatzeko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu