Zisjordaniako hainbat herritan azpiegiturak eta etxeak eraitsi ditu Israelek

Hamas alderdiak Gazara joateko gonbita egin dio Turkiako lehen ministroari, beste behin

Jon Fernandez.
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Israelgo Gobernuaren kolonien politikak irmo jarraitzen du: palestinarren etxebizitzak, eskolak eta egiturak eraisten dituzte, bertan kolonia juduak eraikitzeko. Herenegun, esaterako, hainbat etxebizitza, kanpadenda, animalien etxola eta ur ontzi eraitsi zituen Israelgo armadak Zisjordaniako Al Farisja, Al Mali eta Beit Kahel herrietan. Erantzun gisa, hainbat palestinarrek harriak jaurti zizkieten atzo soldaduei Beit Kahelen; armadak, berriz, negar gasa jaurti zien.

Israelgo armadak sistematikoki suntsitzen ditu palestinarrek eraikitako egiturak Zisjordaniako C gunea deiturikoan —administrazio aldetik Israelen esku dagoen Zisjordaniako aldea—, Tel Aviveko gobernuaren baimenik behar izan gabe eta palestinarrei aurrez abisatu gabe. «2009az geroztik suntsitu dituzten ur ontzien kalteek 13.602 palestinarren bizitzari eragin diete», salatu du Diakonia erakundeak.

Bitartean, komunikabideetan zabaldutako zurrumurruak ukatu ditu Jasir Abed Rabbo PAE Palestina Askatzeko Erakundeko idazkari nagusiak, kolonien politika gelditu bitartean ez dutela Israelekin negoziatuko esanez. Gaur, adibidez, Zisjordaniako eta Gazako mugak itxi ditu Israelek, Yom Kippur jai juduaren ospakizuna «segurua» izan dadin

Bestalde, Hamasek Gaza bisitatzeko gonbita berretsi dio Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroari; eta Ahmad Bahar Hamaseko ordezkariak Israelgo soldaduak preso hartzeko deia egin du, gero preso palestinarren trukean erabili ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.