Israelgo Gobernuak legez kanpokotzat jotzen dituen hainbat kokagune behera botatzekotan zirela jakitean, hainbat kolono eta eskuin muturreko kide Kedumimgo kokagune inguruan bildu ziren herenegun, atzo gauera arte. Handik igaro ziren palestinarrei harrika hasi ziren lehendabizi; gero, Israelgo segurtasun indarrei egin zieten aurre. Erasoetan lau palestinar zauritu zituzten; horietako bat larri eraman zuten ospitalera, burezurra hautsita zuela.
Joan den astean Israelgo Gobernua hainbat kokagune eraisten hasi zen. Barack ObamaAEBetako presidentearen presioa tarteko, dozena bat botatzea da bere asmoa; bakarrik, berak legez kanpokotzat jotzen dituen horiek. Atzo, besteak beste, Najalat Yosefko kokagunea bota zuten.
Israelentzat Zisjordanian eraikitako kokaguneetatik gutxi batzuk baino ez dira legez kanpokoak. Aldiz, nazioartearentzat lurralde palestinarrean eraikitako guztiek urratzen dute legedia. Horregatik eskatu dio Obamaren gobernuak kokaguneak eraikitzeari uzteko. Benjamin Netanyahuren gobernuak, ordea, ez du haren eskaerei men egiteko asmorik. «Ez dugu Judea eta Samariako [Zisjordania] bizitza geldituko», ohartarazi zuen atzo.
Hamas eta PAN aurrez aurre
Azken hilabeteetan ez zen halako eraso bortitzik izan. Herenegun, Hamasen eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko borroketan sei lagun hil ziren Kalkilia hirian, Zisjordanian. Poliziaren auto bati eraso egin ondotik, Hamaseko milizianoak eraikin batean gotortu zirela jakinarazi du PANek. Handik tiroka hasi ziren.
PANen eta Hamasen arteko tentsioa areagotu du Kalkiliakoak.
Zisjordanian lau palestinar zauritu dituzte kolonoek, horietako bat larri
Israelek Najalat Yosefko kokagunea eraitsi du, eta bere baimenik gabe eraikitako dozena bat gehiago bota nahi ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu