Mundua

Zisjordaniara elkartasuna adieraztera zihoazen 30 ekintzaile Parisko aireportuan matxinatu dira

Israelen aginduz ez diete Lufthansaren hegazkinera igotzen utzi, eta beste hegaldia blokeatzen saiatu dira.

2011ko uztailaren 8a
17:48
Entzun

Gaur goizean Parisen Zisjordaniara elkartasuna adieraztera zihoazen 30 pertsona matxinatu egin dira, Israelen aginduz hegazkinera ezin zutela igo esan dietenean. Hegaldia Lufthansa Alemaniako hegazkin konpainiarena zen, eta bidaiarien izenak Israelek emandako zerrenda batean zeudelako ukatu diete hegaldia hartzea.

"Nire pasaportea legezkoa da eta txartela erosi dut. Zergatik ez didate hegazkinera igotzen uzten?", galdetu du bidaiarietako batek Frande Info irratian. Debekuaren berri izan ostean, haserretu egin dira ekintzaileak, manifestatu egin dira eta beste bidaiarien hegaldia oztopatzen saiatu dira.

"Ez gara terroristak, eta ez inork ez gaitu aurretik zigortu. Onartezina da hau", kexatu da beste bat. Frantziako agintarien jarrera ere salatu du, Israelen esanetara egoteagatik. Ordu batzuk geroago Alitaliako beste hegaldi batean gauza bera gertatu da, eta atzo Malev Israelgo konpainia baten hegaldiarekin ere gertatu zen.

Gazaratz ekimeneko kideak dira Israelek debekuen zerrendan sartu dituenak. Itsasoz Askatasunaren Flotillarekin Palestinara iristeko ezintasunaren aurrean hartu zuten bidaia hegazkinez egiteko erabakia. Tel Aviveko aireportuan biltzeko asmoa zuten, ondoren Zisjordaniara joateko.

Israelek 300 ekintzaileren izenak bildu ditu zerrendan, eta konpainiei mehatxu egin die esanez ez dietela sartzen utziko eta itzulera gastuak eurek ordaindu beharko dituztela. Salaketa jartzeko asmoa iragarri dute zenbait ekintzailek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.