Ekialde Hurbila

Zisjordaniara iristea lortu dute 50 ekintzailek

Israelek deportatu egingo ditu Zisjordaniara elkartasuna ematera joandako beste 120 ekintzaile, eta espetxera sartu ditu bitartean. Genevatik iritsitako 60 turista atxilotu eta galdekatu egin dituzte Tel Aviveko aireportuan.

2011ko uztailaren 9a
13:41
Entzun

Palestinaren aldeko 50 ekintzailek Israelek ezarri duen blokeoa hautsi eta Zisjordaniara iristea lortu dute gaur goizean. Tel Aviveko aireportuan Israelgo agintariek blokeo zorrotza ezarri duten arren, azken albisteen arabera hori gainditu eta lurralde palestinar autonomoetara iristea lortu dute. Palestinako informazio iturriek adierazi dutenez, atzo iritsi ziren ekintzaileak Tel Avivera, eta gaur Bilin herrira eta Qalandijako kontrol postura hurbilduko dira ondoren Jerusalemera joateko.

Saioa egin duten guztiek, ordea, ez dute zorte hori izan. Zisjordaniara elkartasuna adieraztera emateko azken orduetan Tel Avivera iritsi diren beste 120 ekintzaile deportatu egingo dituela iragarri du Israelgo Gobernuak "segurtasun arrazoiengatik". Bi egunetan aterako ditu herrialdetik, eta Israelera joateko hartu zuten hegaldia atera zen lekura bidaliko ditu. Bitartean, espetxeratu egin ditu Israelek. Atxilotuen senideek salatu dutenez, garbitasun baldintza eskasetan daude ekintzaileak, hezetasun askorekin, ziega bakoitzean sei. Israelek baieztatu du, gaienra, 39 ekintzaile Ber Shevako espetxean sartu dituela, Negeveko basamortuan.

Guztira 600 pertsona ziren elkartasuna adieraztera joan nahi zutenak, baina Israelen blokeoak Europako aireportuetan utzi ditu hainbat eta hainbat.

Tel Aviveko aireportua, "postu militar"

Mustafa Barghuti Palestinako Kontseilu Legegileko kideak esan du Israelgo Gobernuak Tel Aviveko aireportua postu militar bihurtu duela, eta hegaldiak arautzen dituen nazioarteko araudiko lege guztiak haustea leporatu dio. Israelek atzo atxilotu zituen Tel Aviveko Ben Gurion aireportuan lur hartu zuten 60 turistak, eta Palestinaren aldeko ekimen bateko kideak direlakoan galdekatzen ari da.

Jerusalem Post egunkariaren arabera, 60 turista horiek EasyJet konpainiaren hegaldi batean iritsi ziren, Genevatik. Yediot Ahronot egunkariaren arabera orain arte 25 ekintzaileri ukatu zaie sarrera, guztiak Europakoak eta AEBkoak, eta lehenbailehen kanporatuko dituzte. Ben Gurion aireportuan kaleko jantziarekin dauden hainbat polizia omen dago.

Barghutik adierazi du, hala ere, Israelen "histeriak" ez duela oztopatuko nazioarteko ekintzaileen elkartasuna. "Bakearen aldeko ekintzaileak guregana iristen saiatuko dira, bai itsasoz baita airez ere, Palestinako herri erresistentziaren ekintzetan parte hartzeko", esan du. Azken egunetan Israelek hainbat herrialde eta konpainia presionatu ditu, eta elkartasuna adieraztera joan nahi zutenak blokeatuz, Gazarekin egin zuen bezala, Zisjordania ere blokeatu egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.