Zigorrak denboraldi bat iraun dezake, urteak edo bizitza osoa, baina helburu bakar bat du tortura psikologiko honek: Zisjordaniako eremuan soilik mugitu ahal izatea, Palestina historikoan geratzen denaren %20an. Lur zati hori hormigoizko harresi batez bakartuta dago, eta nahiz eta Nazio Batuen Erakundeaklegez kanpoko deklaratu zuen —lerro berdeaedo armistizio lerroa ez duela errespetatzen esan du—, egunero, palestinarrei, jaikitzen diren orduko, altxatzen zaie preso dauzkan horma.
Gaur egun Palestinako lurralde okupatuetan, lur eremu txiki horretan, 500.000 kolono israeldar bizi dira, hesiaren zaintzaile horiek ere. Israeldarren defentsa indarren kontrol postu iraunkor eta mugikorrek, eraso militarrek, eta paretek eta hesiek, lortzen dute sarrerak eta irteerak kontrolatzea, etaare gehiago Gazan: 1,3 milioi pertsona blokeoak harrapatuta.
Jerusalemen, Betleemdik hamar minutura, hiria urrutitik ikustearekin etsituta bizi dira, eta gaua argia bada, Al Aksako mezkitako kupula ikustera iristen dira. Zisjordaniako palestinar gutxik dute Jerusalemera joateko baimena, eta izerdiz lortzen dutenek, galtzea ez zaie batere kostatzen: aitzakia guztiak dira onak kentzeko. Zisjordanian preso, munduko ezein herritara bidaiatu ere ezinik, ezta Jordaniara ere. Zeru askea sabai duen espetxean bizi da mundu bat, George Adlelena ere bai, bere istorioak hamaikarenarekin osatutako atlasean.
George Adlelen lekukotasuna
George Adlel bere bulegoan dago. Palestinarra da, eta Betleemen bizi da. Andaluziako Juntak (Espainia) finantzatutako ehun fabrika bateko zuzendaria da, eta 14 urte zituenetik ekintzaile politikoa. Adin horretan egon zen lehenengo aldiz Israelgo kartzela batean, Negeveko basamortuaren erdian. Gaur egun, 42 urte ditu, eta Alderdi Demokratikoko liderretako bat da Beit Sahourren, Betleemgo basamortuko herri txikian. Zisjordaniatik ateratzea debekatuta du Adlelek: «Lasaitasunez hartzen dut», dio barrez bere istorioa kontatzen duen bitartean.
«Israelgo presondegien legeak ezberdintzat hartzen ditu palestinarrak eta juduak. Gu 14 urterekin kartzelara joan gaitezke, nireeta beste hainbaten kasuan gertatu zen bezala». Haren bila etorri ziren lehenengo aldian Belengo elizbarrutiko eskolan zegoen. Gaua zen, eta soldaduak ailegatzen entzun zituen. Ikaskide bat eta bera ezkutatu egin ziren, apaizak lagunduta. Etxera joan ziren gero, familia mehatxatu zuten, etxearen zati bat suntsitu ere bai.
Egiazkotasunagatik ez balitz, haur kontaketaren itxura ematen dio istorioari. Hura izan zen atxilotu zuten lehen aldia, baina ez azkena. Orduan epaiketarik gabe giltzapetu zuten, eta sei hilabete igaro zituen. Lider politiko eta arriskutsutzat jo zuten. Nerabezaroan zegoen.
George Adlelek Palestina eta politika inoiz ez dituela utziko aitortzen du. «Kartzelara eraman ninduten bigarren aldia, atera eta sei hilabete geroago izan zen. Oraingoan zuzenean etxera etorri ziren, eta ez eskolara». Berdin. Beste sei hilabete egin zituen barruan. Baina okerrena iristear zegoen. 17 urte zituenean Beit Sahourren sartu ziren lehen Intifada hasi ostean. «Gutako asko espetxeratu gintuzten». Jericoko kartzelara eraman zuten, eta harriak botatzeagatik akusatuta, bi urte igaro zituen han. Aurreikusitako irteera egunean egonaldia beste sei hilabete luzatuko ziotela esan zioten, ikertu beharreko gauzak zituztela. «Kartzelan behin baino gehiagotan egon zarenean erabiltzen dute estrategia hau, psikologikoki nekatzeko».
Bi urte eta erdiren ostean aske utzi zuten. Beste garai batzuk ziren. Lehen Intifadak etzuen inor axolagabe utzi. «Orain, ordea, gazteak beste era batekoak dira. Egoera ezberdina da», dio bere semearen argazki bat erakusten duen bitartean.
Kartzelarik atera ondoren ezkondu egin zen, eta ezkontzatik lau hilabetera berriro espetxeratu zuten. Bi hilabetez bakarrik. Zigorra gero etorri zen, Beit Sahourretik irtetea galarazi ziotenean. Ezin zuen erosketak egitera joan Belenera, ez Ramalara, ezta Nablusera ere; etxez etxeko atxiloketa antzeko zerbait zela esaterakoan barre egiten du.
Istorioa ez da hemen amaitzen, George Adlelek, kartzelan dauden edo izan diren gainerako palestinarrak bezala, politikan jarraitzen du. 2000. urtean Israelek bere jaioterritik harago bidaiatzeko debekua kendu zionean Siriara joan zen. «Alderdi Demokratikoko nire kideak ikusi nahi nituen, bidaiatik bueltan, baina Jordaniako mugan, Israelek Zisjordaniatik irtetea debekatu gintuen, emazteari eta bioi». Egoerak aldatzeko itxura handirik ez du, haren ustez. Ezer gutxi gertatuko da negoziazioek inoiz abiatzea lortuta ere. «Ezertara eramaten ez duten bileretara oso ohitua» dago Adlel.
Azken zigorretik 5 urte igaro dira, eta debekuak indarrean jarraitzen du. Egun gutxi batzuk barru muga igarotzen saiatuko da, Italiara joaten utziko dioten jakin nahi du eta, bere anaia bisitan. «Taxi gidariari gertu itxaroteko esango diot, ez baitiut uste joaten utziko nautenik».
Bi kafe katilu huts eta zigarro mordoa daude hautsontzian. «Jaso nuen azken mehatxua joan den azaroan izan zen». Goizeko 02:00ak ziren, eta bost tanke eta 40 soldadu inguru iritsi ziren. Familia esnatu eta mehatxatu egin zuten. «Politika ez banuen uzten semeak non ikasten zuten ederki zekitela esan zidaten». George Adlelek politikan jarraitzen du, eta aurten 18 urteko semeak kanpoan egingo ditu ikasketak.
Zisjordaniaren isolamenduan
Israelgo Gobernuak egunero galarazten die palestinar askori Zisjordaniatik irtetea, diotenez, segurtasun arrazoiengatik. Kasu gehienetan arrazoi politikoengatik izaten dituzte etxean preso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu