Haurrak bahitzeko ahalegina egitea egotzita atxilotu eta espetxeratu zituzten Zoeren Ontzia gobernuz kanpoko erakundeko sei kideei barkamena emateko prest agertu da Idriss Deby Txadeko presidentea. Barkamena emango balie, egun Frantziako kartzeletan preso dauden sei lagun horiek aske geratzeko aukera izango lukete.
Izan ere, Txaden eta Frantziaren arteko hitzarmen judizialen arabera, Txaden delitua egiten duten herritar frantziarrek barkamena jasotzeko Txadeko agintarien oniritzia behar dute.
Iazko urrian Zoeren Ontzia GKE frantziarreko sei kide atxilotu zituzten Txaden, ehun bat haur bahitzea leporatuta. GKEko kideek haur horiek Darfurko gerrako umezurtzak zirela agertu zuten, eta hiltzeko arriskuan zeudenez, Europara eraman nahi zituztela gatazka baretu bitartean. Eurena ekintza humanitarioa izan zela nabarmendu zuten behin eta berriz.
Txaden epaitu, eta gatibu lanetara zigortu zituzten. Frantziaratzea eskatu zuen Parisek, eta hara eraman ondoren, Txaden ezarritako zigorra 8 urteko espetxe zigorrarekin ordezkatu zuten. Arestian esan bezala, orain Debyk barkamena eskatuz gero aske gera daitezke.
Joan den asteburuan, Debyren aurkako altxamendu handia sortu da Txaden. Frantziako Gobernuak erabateko babesa eman dio presidenteari.
Mundua
Zoeren Ontziko kideei barkamena emateko prest agertu da Txadeko presidentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu