Espainiako Gobernua

Zoidok hartuko du Barne Ministerioa, eta Cospedalek Defentsa

Rajoyk gobernu berritik kanpo utzi ditu Margallo, Fernandez Diaz eta Morenes. Catalak eta Saenz de Santamariak, aldiz, karguan jarraituko dute; azken horrek eskumen gehiago izango ditu. Bihar egingo dute guztiek karguaren zina.

Ogasun ministro Cristobal Montoro eta Barne ministro izango den Juan Ignacio Zoido, artxiboko irudi batean. CHMA MOYA / EFE
2016ko azaroaren 3a
07:23
Entzun

Espainiako erregearekin bildu ostean eman ditu Mariano Rajoy gobernu berria osatuko dutenen izenak. Lehendik ezagunak dira ia guztiak. Sei dira berriak: Sevillako alkate izandako Juan Igancio Zoido izango da aurrerantzean Barne ministro, Jorge Fernandez Diazen tokian; Maria Dolores de Cospedal Defentsaz arduratuko da —Pedro Morenes ordezkatuz—; Sustapen Ministerioa, berriz, Iñigo de la Sernak zuzenduko du; Alvaro Nadalek Energia eta Turismoko ardura hartuko du; Dolors Montserrat arduratuko da Osasun eta Berdintasun Ministerioaz; eta Alfonso Dastis Atzerri ministro izango da.

Ordea, gobernu berritik at geratuko da orain arte Atzerri ministro izan den Jose Manuel Garcia Margallo, eta Dastisek hartuko du haren tokia. Aldiz, Justiziako arduradun izango da aurrerantzean ere Rafael Catala eta Ogasunekoa Cristobal Montoro. Soraya Saenz de Santamariak ere jarraituko du presidenteorde. Azken horrek, gainera, eskumen gehiago izango ditu aurrerantzean; izan ere, Administrazio Publikoetarako arduraduna ere izango da. Ondorioz, hark zuzenduko ditu erkidegoekiko harremanak.

Orotara bost emakumek eta bederatzi gizonezkok osatuko dute Espainiako Gobernu berria. Kideek bihar egingo dute karguaren zina, eta ondoren egingo dute lehen bilera.

Mesfidati

Gobernua osatuko dutenen izenak jakin eta gutxira heldu dira lehen erreakzioak. PSOE zuzentzen duen batzorde kudeatzailearen buru Mario Jimenezek ohartarazi du gobernu berria ez dela "elkarrizketarako egokia". Haren iritziz, Montorok, Bañezek eta Mendez de Vigok karguan jarraituko dutenez, pentsatzekoa da "oso zaila" izango dela inolako negoziaziorik egitea.

Podemoseko kide Rafael Mayoralek "Berritasun gutxiko gobernua" iritzi dio Rajoyk aurkeztutakoari. "Estatuak dituen erronkei aurre egiteko gai ez den gobernu bat dela uste dugu. Aldaketak nahi ditugu politikagintzan, eta argi dago gobernu honek ez dituela egingo".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.