AEBetako administrazioaren itxialdia behin-behinean amaitu eta zorraren muga epe batez handitzeko akordioa lortu dute Senatuan Harry Reid demokraten buruak eta Mitch McConnell errepublikanoen buruak. Lege proposamena indarrean sartzeko, baina, idatzi hori aurrena Senatuaren osoko bilkurak onartu beharko luke, eta ondoren Ordezkarien Ganberak.
Behin-behineko akordio hori onartuz gero, AEBetako Kongresuak denbora irabaziko luke epe luzerako aldaketa estrukturalak hitzartzeko. Orain arte Ordezkarien Ganberako errepublikanoak Osasun erreformaren zerga batzuk atzeratzearekin tematu dira, baina Barack Obamaren gobernuak uko egin dio "erreskate bat" ordaintzeari, Kongresuaren lana aurrekontuak onartzea dela argudiatuta.