Bi aste baino gehiago egon dira harrapatuta hamabi ume eta haien begiralea Thailandiako kobazulo batean. Uztailaren 3an topatu zituzten, eta handik nola atera pentsatzen aritu dira. Atzo abiatu zuten operazioa, eta, erreskate taldeetako buruaren arabera, espero baino hobeto joan zen. Gaurko erreskate lanak atzokoak baino azkarrago doaz, Thailandiako hainbat hedabideren arabera.
Euskal Herrian goiza zela, bosgarren haurra ateratzea lortu dute. Bangkok Post egunkariak adierazi duenez, helikopteroz eraman dute ospitalera.
The fifth boy was airlifted from #ThamLuang cave to Chiangrai Prachanukroh Hospital in Chiang Rai. #ThaiCaveRescuepic.twitter.com/GxV9Jyg7lt
— Bangkok Post (@BangkokPostNews) 9 de julio de 2018
14:00ak aldera, berriz, beste bi haur erreskatatu dituztela adierazi dute. Arratsaldeko lauretan laugarren haurra erreskatatu dutela zabaldu dute erreskate zerbitzuek.
Atzo hasi zituzten erreskate lanak, eta hamalau orduz gelditu zuten jarduna gaur arte. Orain artekoaren balorazioa egin eta bidean jarritako bonbonak-eta betetzeko baliatu dute etena.
Erreskate zerbitzuak presiopean ari dira lanean, euriteen iragarpena dela eta. Kobazuloan urak gora egin aurretik atera nahi dituzte haurrak eta haiekin den begiralea.
Operazioa arrisku handikotzat jo dute. Hain justu, herenegun, harrapatuta daudenei laguntzen ari zen urpekari bat hil egin zen. Harrapatuta dauden guztiak ateratzeko bi edo hiru egun behar izatea ere posible dela diote.
Ekainaren 23an, kobazuloa dagoen parke naturaleko basozainek bizikleta eta arropak ikusi zituzten kobazulo sarreran, eta barrura sartzerakoan jendea kobazuloan hondoratuta zegoela konturatu ziren. 10 kilometroko kobazuloa da, oso arriskutsua ur maila ezberdin asko dituelako.