Sei emakumezko eta bi gizonezko hil dituzte Cancungo (Mexiko) bainuetxe bateko tabernan, molotov koktel-ekin egindako erasoan. Lokala "behin baino gehiagotan mehatxatu zuten Los Zetas kartelekoek", Francisco Alor Quezada Quintana Rooko Justizia prokuradoreak eman duen informazioaren arabera. Sei sikario bi ibilgailutan iritsi dira Castillo del Mar tabernara goizeko ordubatak pasa zirela, molotov koktelak bota dituzte, sua piztu da eta horren ondorioz hil dira zortzi lagunak.
Hasierako ikerketen arabera, hildako sei emakumeak tabernako zerbitzariak ziren, eta gizonezko biak tabernako bezeroak. Zortzi lagun horietatik sei tabernan bertan hil dira eta beste biak ospitalean. Erasoaren unean, jende asko zegoen ostatuan, eta batzuek sutetik onik irtetea lortu dute.
Cancun da Mexikoko hiririk turistikoena, eta Quintana Roo estatuan dago. Los Zetas eta Golfo karteleko kideen arteko borrokak asko ugaritu dira azkenaldian, inguruaren kontrola eskuratzeko ahaleginean. Ekainaren 18an, hamabi zerraldo aurkitu zituzten Cancundik gertu. Maiatzean, berriz, beste hiru gorpu aurkitu zituzten tortura arrastoekin.
mundua
Zortzi lagun hil dituzte Mexikon, taberna batera 'molotov koktelak' jaurtita
Los Zetas kartelekoek behin baino gehiagotan mehatxatu zuten Cancungo bainuetxeko ostatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu