Meskita batetik gertu izan da erasoa, baina, Frantziako Poliziaren esanetan, tenplua "ez zen jomuga". Bi lagun hasi dira tiroka, eta zortzi pertsona zauritu dituzte. Inor ez dago larri.
Bart gauean gertatu da erasoa, Grange d'Orel auzoko meskitatik gertu. LCI telebista katearen arabera, kontu garbitze bat izan liteke tiroketaren arrazoia. Iturri horren arabera, gertatutakoa ikertzen ari direnek uste dute gazte batzuen arteko liskar bat izan dela eta batzuk beste batzuen atzetik joan direla. Horrela iritsi dira tiroketa izan den gunera.
Hainbat lekukok La Provence egunkariari azaldu diotenez, bi lagun ikusi dituzte aurpegia estalita, auto batetik jaisten eta armak eskuan. Tiroka egin eta gero, ihes egin dute, eta horien bila ari da Polizia.