"Sute terrorista pizteko mehatxuak", "sute terrorista piztea" eta "jokabide terrorista" izatea leporatuta, bost eta hamar urte arteko kartzela zigorrak ezarri zizkieten 2003an zortzi ekintzaile maputxeei. Orain, baina, Giza Eskubideen Amerikarteko Auzitegiak ebatzi du haien oinarrizko eskubideak urratu zituela Txileko epaitegiak prozesuan. Sententziaren arabera, Txileko Estatuak urratu egin zuen auzipetuen askatasun, adierazpen eta pentsatzeko askatasuna, ez zion defentsari lekukoak galdekatzen utzi, eta ez zituen errespetatu maputxeen eskubide politikoak.
Horiek hala, sententziak indargabetzeko eta ekintzaileak aske uzteko agindu dio auzitegiak Txileri, eta, bide batez, baita haien aurrekari judizialak ezeztatzeko ere. Horretaz gain, osasun laguntza eta psikologikoa ere eman beharko die estatuak biktimei, eta ikasketetarako bekak haien seme-alabei. Bide beretik, Txilek 150.000 dolarreko kalte-ordaina eman beharko dio ekintzaile bakoitzari.
Maputxeak dira Txileko talde etniko handiena: herritarren %9 inguruk dute jatorri maputxea. Hego Konoaren hegoaldean bizi dira nagusiki. Historikoki, Txileko elite politikoetatik baztertuta egon dira, eta, beraz, estatua eraikitzeko prozesu guztietatik kanpo; horrek bigarren mailako herritar bihurtu ditu.