Zortzi urtean %17 jaitsi da GIBarekin kutsatutakoen kopurua

Saharaz hegoaldeko Afrikan nabarmen egin du atzera hiesak: aurreko urtean baino %15 gutxiago kutsatu ziren iaz

2009ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Hiesaren inguruko hiru berri on eman dituzte UNAIDSek eta OME Osasunaren Munduko Erakundeak. Batetik, zortzi urtean %17 jaitsi da GIB Giza Immuno-eskasiaren Birusaz kutsatutakoen kopurua. Bigarrenik, azken sei urtean tratamendua eskuragarriagoa egin da; 2003an, kutsatutakoen %7k baino ez zituzten antiretrobiralak hartzen, eta iaz, berriz, %42k. Hirugarrenik, Horren ondorioz, birus hori eta hiesa dutenek bizi-itxaropen handiagoa dute egun, epidemiaren hasieran baino.

Dena den, bi erakundeek epidemia kontrolpean dagoela ondorioztatu badute ere, urteko txostenean kontra egin diete hiesaren aurkako borrokara baliabide gehiegi bideratzen direla diotenei. «Sindrome berri bat ez den arren, nazioartearentzat lehentasuna izan behar du osasunari dagokionez». Hala adierazi zuen atzo Michel Sidibek, hiesaz arduratzen den nazioarteko erakundeko zuzendariak. Eta ez da harritzekoa, zifrak behera egin badu ere, iaz egunean 7.000 lagun baino gehiago kutsatu baitziren birusaz.

Zifra osoaren beherakada nabarmena Saharaz hegoaldeko Afrikan izurriteak izan duen jarrerari zor zaio. Eskualde horretan daude GIB birusak eta hiesak jotakoen %60. Milaka lagun gehitzen zaizkio urtero zerrendari, baina iaz aurreko urtean baino %15 gutxiago kutsatu ziren.

Era berean, Asiako ekialdean gaixotasuna espero baino gutxiago hedatu izanari ere zor zaizkio zorioneko zifrak. Iaz 2007an baino 23.000 kasu gehiago izan baziren ere, azken zortzi urtean kutsatu berrien kopurua %25 gutxitu da; eta kontrako joera zuten aurreikusia osasunean adituek. Bide beretik, Asiako hegoaldean eta hego-ekialdean ere behera egin du kutsatuen kopuruak; %10 zehazki. Europako ekialdekoak dira datu txarrenak. Gainontzeko eskualdeetan ez bezala, Europa ekialdean gaitzak ez du atzera egin. Gaur egun arazoa ez dira partekatutako xiringak; Europako ekialdean sexu harremanen bidez kutsatzen da gehien GIB birusa. Hala jasotzen du txostenak.

Prebentzioa giltzarri

Zientzialariek 1981ean deskubritu zuten GIB birusa, eta ordutik guztira 60 milioi lagun kutsatu eta 26 milioi hil direla kalkulatu du UNAIDSek. Epidemiaren urterik larriena 1996a izan zen: urte hartan 3,5 milioi lagun jo zituen birusak. Eta heriotzari buruzko estatistika beltzenak, berriz, 2004koak dira: 2,6 milioi hil ziren hiesagatik. Iaz 33,4 milioi lagunek zuten GIBa, eta bi milioi zendu ziren hiesaren ondorioz.

Zenbaki horiek guztiak ez dira erabat fidagarriak. Neurketak egiteko baliabideak mugatuak dira, izan ere. Afrikako hainbat herrialdetako datuak, esaterako, honela biltzen dituzte erakundeek: haurdun dauden emakumeei egiten zaizkien probetan zenbaitek positibo ematen dute; birusaz kutsatuta daude, alegia. Haurdun dauden emakumeetatik GIBa dutenen kopurua, ondoren, herrialdera estrapolatzen dute. Eta horrela ateratzen dute behin betiko ehunekoa.

«Zifren beherakada prebentzioari zor zaio. Baditugu hori ondorioztatzeko frogak, eta hori da berri onena», azaldu du Sidibek. «Hala ere, prebentzio programek bizitza gehiago salbatu ditzaten nahi badugu, ezinbestekoa da haietara baliabide gehiago bideratzea».

Afrikan haurdun dauden emakumeei zuzentzen zaizkie prebentzio programak. Haiek izaten dute medikuekin kontaktua, behin bederen -erditzean-. Eta horrela posible da hiesari buruzko estatistikak egitea. Baina ez da hori arrazoi nagusia. Amek haurrei birusa ez kutsatzea da giza eragileen eta medikuen lehen helburua, gaitzak atzera egin dezan neurri gisa.

Amengandik seme-alabenganako transmisioa eragoztea ez dela ez zaila ez garestia diote UNAIDSek eta OMEk beren txostenean. Haurdun daudela eta erditu osteko lehen hilabeteetan-bularra ematea erabakitzen dutenen kasuan- tratamendua ematea nahikoa da alfer-gurpila amaitzeko. Hartu beharrekoa botika bakarra denez -Afrikako zenbait agintari ez da neurriaz fio-, nevirapina izenekoa, prebentzioa ez dela garestia nabarmendu dute erakundeek. Sistema horri esker, 2001etik 200.000 transmisio eragotzi dituztela kalkulatu du OMEko buru Margaret Chanek. Hala ere, iaz 430.000 haur jaio ziren birusarekin. Horiekin, GIBa zuten hamabost urtetik beherakoak 2,1 milioi ziren.

Bestalde, Afrikan arriskuan dauden beste gizataldeak prebentziotik at geratzen direla salatu du UNAIDSek. Gizonekin sexu harremanak dituzten gizonei egiten die erreferentzia, zehazki. Zenbait herrialdetan legez kanpokoa da jarduera hori. Beraz, sexua harreman homosexualen bidez kutsatu direlako susmoa duten gizonak ez dira erietxera joaten proba egitera. Hala, ez dira agertzen ez estatistiketan, ez prebentzio programetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.