Irudi ikusgarriak utzi baditu ere, Toscanako zubia erori izanak ez du ondorio larririk eragin. Erori denean, bi furgonetan ari ziren zubia igarotzen, eta bi gidariak zauri arinekin erreskatatu ahal izan dituzte larrialdi taldeek.
Liguria eta Toscana eskualdeak lotzen ditu zubiak, eta, hango iturrien arabera, zartadurak zituela ohartarazia zuten duela hilabete batzuk. Azken asteetako euriteek okerragotu egin dute zubiaren egoera, eta azkenean erori egin da. Herritarrek salatu dute agintariek ez zutela ezer egin zartadurak konpontzeko, jakinaren gainean egon arren.
Fiskaltzak ikerketa hasi du, eta Toscanako Gobernuak iragarri du irtenbideak bilatzen hasia dela bi eskualdeen arteko komunikazioa bermatzeko.
Ez da lehen aldia Italian zubi bat erortzen dena. Duela bi urte ezbehar larriagoa gertatu zen Genovan, zubi bat erorita. Gutxienez 39 izan ziren orduan hildakoak, eta 632 biztanlek etxea galdu zuten. Gertatutakoaren ostean, gobernuak errepideen kudeaketarako kontzesioa kendu zion Autrostraderi.