Zuzeneko elkarrizketekin jarraitzeko eskatu die Netanyahuk palestinarrei

Laukotearen epea amaitu arren, bi aldeek ez dute ados jartzerik lortu, eta Israelek ez du proposamenik egin

Ane Urrutikoetxea.
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Gaur amaituko da Laukoteak Israeli eta PAE Palestina Askatzeko Erakundeari ados jartzeko emandako epea, eta negoziazioek ez dute aurrera egin. Itzak Moljo Israelgo ordezkariak eta Saeb Erekat PAEko ordezkariak ez dute ados jartzerik lortu, eta biek entzungor egin diete elkarri aurkeztutako proposamenei. Dena den, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen arabera, elkarrizketek «itxaropentsu sentiarazi» dute, eta bakea lortzeko «bide zuzena» ireki dute. Hala ere, adierazi du orain arteko bilerak negoziazioak hasi baino lehenagoko elkarrizketak besterik ez dela, eta otsailaren 4an erabakiko dute zein pauso eman beharko duten hurrena.

Bi aldeen proposamenak aurkezteko epea amaitu den arren, Israelen ustetan, oraindik badago negoziazioak egiteko denbora, elkarrizketak berandu hasi zirelako. Netanyahuk palestinarrei eskatu die zuzeneko elkarrizketak ez eteteko, hori delako «bakea lortzeko Israelek erabili nahi duen bidea». Dena den, Israelek ez du mugen eta segurtasunaren inguruko proposamenik egin.

Ashton bake prozesuari adi

Catherine Ashton EB Europako Batasuneko diplomazia burua Benjamin Netayahu Israelgo lehen ministroarekin bildu da Jerusalemen, bake negoziaketak berriz hasten laguntzeko. Ashtonek Gazako mugak irekitzeko eskatu dio Israeli: «Gazako herritarrek askatasunez erabili behar dute muga».

Dena den, Israelek ez ditu eten Gazaren aurkako erasoak. Atzo bertan, Israelgo armadak tiro egin zien Gazako mugan manifestazio baketsua egiten ari ziren palestinarrei. Horrez gain, Israelek Gazako mugatik gertu dauden lurrak erabiltzea debekatu zien palestinarrei aurreko astean.

Bestalde, Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkaria Jordanian izango da datorren astean, bake negoziazioak bultzatzeko. PAEk adierazi du NBEn estatu kide gisa sartzea «bakean inbertitzea» litzatekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.