Nork du kanturako eskubidea?

Beyonce abeslariak countryaren moldera eta iruditeriara jo du estudioko zortzigarren diskoa osatzeko, 'Cowboy Carter'. Singleak arrakasta komertziala lortu du istantean, eta kritikak lan osoa laudatu du, baina galdera sorta bat ere piztu du diskoak.

Beyonceren 'Cowboy Carter' diskoaren azala. BERRIA
Beyonceren 'Cowboy Carter' diskoaren azala. BERRIA
Inigo Astiz
2024ko apirilaren 7a
05:30
Entzun

Blasfemia musikal moduko bat dirudi Beyonceren ahotsa ezertarako desegokia denik esateak, eta, hala ere, sakonean horixe da Cowboy Carter diskoak piztu duen dilema. Nork du kanturako eskubidea? Beyonceren ahotsak ere arraza jakin bat duelako —afro-amerikarra—, eta sexu bat duelako —emakumezkoa—. Horregatik, zortzigarren estudio albuma kaleratu, eta berehala zabaldu da marmarra hedabide espezializatuetan; superizarrak, oraingoan, popetik, trapetik, rapetik, operatik, souletik, rocketik, bluesetik, discotik, musika elektronikotik eta irudika ahal beste hamaika adarretatik ez ezik, country musikatik ere edan duelako. Are gehiago. Generoari ohiko zaion sonoritate organikoa, instrumentazioa eta iruditeria ere baliatu ditu ordubetetik gora doan 27 kanta eta interludioko lana osatzeko, eta Dolly Parton eta Willie Nelson country izarrak ere gonbidatu ditu bertan parte hartzera, bai eta Linda Martell ere —ezagun egin ziren lehen emakumezko country abeslari beltzetako bat—. Berehalako arrakasta komertziala izan du Texas hold'em singleak, eta kritikak laudatu egin du lan osoa. Eta, batez ere, berritu egin du galdera zaharra: nork kanta dezake zer?

Izan da musikariaren singlea aireratzeari uko egin dion country irratirik, eta Beyoncek ere hasieratik jarri du legitimotasunari buruzko gaia mahai gainean. Diskoa zabaltzen duen American Requiem abestiko lehen ahapaldietako hitzak dira horren froga: «Hor dabil jendea hizketa batean,/ ni kantuan ari naizen artean./ Entzun nazakezu?/ Esan dut: entzuten nauzu?».

Beyonce abeslariaren Texas hold'em singlearen bideoa.

Hiru diskoko trilogia bat irudikatu zuen Beyoncek koronabirusaren ondorioz ezarritako itxialdian. 2022an kaleratu zuen haren lehen alea: Reinaissance. 70eko hamarkadaz geroztik sortutako house eta disco musikaren berrinterpretazio bat proposatu zuen musikariak lan hartan, genero horietan aitzindari izandako artista beltz eta queer-ei arreta berezia jarriz. Eta, Texasen sortua izanik, country musikara jo du oraingoan Cowboy Carter sortzeko.

Edo gutxi gorabehera countryra. Genero horren mugak aski lausoak direla onarturik ere, artistak esplizituki azaldu nahi izan baitu harekiko distantzia. «Hau ez da country disko bat, hau Beyonceren disko bat da», adierazi du sortzaileak, eta mila ispilutan biderkatu dute haren esana hedabideek gerora. Baina ezin ukatu egia ere badela. Baieztapen hori berresten duten hamaika detaile topatuko baititu entzuleak diskoan.

Hasteko, Beatles-en Blackbird kantaren bertsio bat entzungo du bigarren kantuan. Liverpoolekoen erritmo minimalista eta melodia berbera errespetatuz bai, baina ahotsen jolasa ia gospelaren mugetaraino eramanda gero. Eta musikariaren beste edozein diskotan sartzeko moduko bi minutu eta erdiko rap kanta indartsu bat izango litzateke Spaghettii kantua ere, baldin eta ez balitz hasiko Linda Martellen musika generoen izaera mugatuari buruzko gogoetatxo batekin. Txalo hotsak dira Flamenco kantaren oinarri erritmikoa, funk baxu distortsionatu batek gidatzen du Desert Eagle abestiko melodia, eta dantzaleku garaikideen giroa eta erritmoak ditu oinarri Tyrant kantak.

Countryaren goraldi komertziala

Baina badira soinuz eta izaeraz country aire argiagoa duten abesti batzuk ere. Hori da musikariak Super Bowleko atsedenaldian estreinatu zuen Texas hold'em kantaren kasua, esaterako. Bai eta Miley Cyrus abeslariarekin batera kantatzen duen II Most Wanted abestiarena eta 16 Carriages kantarena ere. Eta, noski, hor dago Dolly Parton musikariaren 1973ko Jolene abestiaren bertsioa ere; zeinak, hitz eta melodia moldaketa batzuk eginda ere, estu jarraitzen baitio jatorrizko kantaren egiturari eta melodiari.

Beyonceren 16 Carriages kantaren bideoa.

Billboard musika aldizkariak iaz jakinarazi zuenez, %20,3 egin du gora country musikaren kontsumoak azken urteetan. Eta, beraz, generoa komertzialki goraldian den une batean kaleratu du diskoa Beyoncek. Baita, noski, arrazarekin eta sexuarekin lotutako desorekak oraindik ere garden ikus daitezkeen honetan ere. Eta beste galdera bat ere piztu du diskoak horregatik: zenbateraino izan daiteke zintzoa herri musikaren tradizioarekiko harremana super izar komertzial baten kasuan? Eta zalantza horrek ere egin du jauzi hedabideetaraino.

Beyoncek aurrez ere egin izan du country doinuko kantarik, eta, artistak sare sozialetan azaldu duenez, genero horrekin izandako esperientzia txar bat izan zen diskoaren lehen hazia. «Duela urte batzuk izan nuen esperientzia batetik dator [Cowboy Carter]; ez nintzen ongi etorria sentitu».

2016an Dixie Chicks taldearekin egindako zuzenekoan bizitakoaz ari da artista, zehazki, adituen hitzetan. Beyonceren Daddy Lesson kanta eskaini zuten ordukoan Country Music Awards jaialdian, eta sarean gogor kritikatu zituzten. Eskuina haserre zegoen. Alde batetik, Dixie Chicks taldekoak kritiko azaldu ziren George Bush AEBetako presidenteak Irakeko gerran egindakoarekin. Eta, beste aldetik, Beyoncek babesa adierazi zion sasoi hartan Black Lives Matter mugimenduari ere. Horregatik aipatu du artistak ongi etorria ez izatearena. Eta zauri horren emaitza da diskoa ere, artistaren arabera.

Baina jarraitzen du polemikak orain ere. Eta The Guardian egunkarian kaleratutako bi artikulu mamitsuk azal dezakete Beyonceren diskoak azaleratu duen tentsioaren nondik norakoa.

Beyoncek countrya egiteko duen eskubidea aldarrikatu du Rhiannon Giddens musikari eta ikerlariak, esaterako. Hain zuzen ere, Giddensek jotzen ditu Texas Hold'em abestiko biola eta banjoa. Eta haren hitzetan, zuriek ez ezik, beltzek ere sortua da musika mota hori, gerora etorritako narrazio nagusiek besterik hedatu badute ere. «Inor ez da arte forma baten jabe. Denok dugu country musika disfrutatu eta sortzeko baimena, batez ere errespetuz, ulermenez eta integritatez egiten bada».

Tradizioaren eta generoen arteko bereizketa interesgarria egiten du Giddensek The Guardian-eko bere artikuluan. Izan ere, haren hitzetan, 1920ko hamarkadan disko industria hasi zenean, aldatu egin zen musika entzuteko eta bizitzeko modua. Saldu ere egin behar zen ordutik aurrera. Eta saltzeko asmatu ziren etiketak.

Hona haren azalpena: «Tradizioak komunitate jakinen barne logiken arabera gorpuzten dira, sorkuntza prozesu luzeen ondoren [...]. Tradizioak kultur funtzio bat betetzen du komunitateko jendearentzat. Kontakizun kantak dira tradizioa, dantza kantak, kanta espiritualak, lanerako kantak, komunitatearen ulermenaren arabera mila modutara jo eta kantatu daitezkeenak. Generoa, bestalde, kapitalismoaren produktua da, eta boterea dutenek sortu, kontrolatu eta mantentzen dute artea salgai bihurtu ahal izateko. 1920an, disko industriako exekutiboak berehala ohartu zirelako diskoen salmentak hobetzeko, merkaturatu egin behar zituztela. Eta merkaturatu ahal izateko, amerikar esperientzia osoa modako hitz gutxi batzuetara murriztuko zuten kategoriak sortu behar izan zituzten, eta, hauek AEBak direnez, hemen gure kultur ikuspegiak beti aztertzen du dena arraza kategorien bidez, horretarako baldintzatuta dagoen neurrian. Eta Amerikar Musikaren Segregazio Handia izan zen horren emaitza»

Keinu kapitalista bat

Beyoncerekin kritikoago aritu da Yasmin Williams Virginiako gitarra jotzaile eta iparramerikar musika ikerlari afro-amerikarra. Berak ez baitu uste artista errespetuz aritu denik. The Guardian egunkariak argitaratutako artikuluan azaltzen duenez, arazoa ez baita ea abeslariak countrya kantatzeko eskubiderik duen edo ez, baizik eta zertarako baliatu duen tradizio oso hori. Williamsen ustez, Cowboy Carter lanarekin, Beyoncek ez du jakin lehen lerrora eramaten berarekin kolaboratu duten country musikarien lana eta tradizioa. Are gehiago, haren hitzetan, badirudi tradizio hori «mainstream baztertzailean» txertatzen saiatzeko «keinu kapitalista bat» baino ez dela musikariaren lana.

Abeslariak Post Malone rap kantariarekin batera grabatutako Leviis jeans kanta aipatzen du Williamsek horren adibide garbitzat. «Beyoncek Post Maloneekin Levi's prakei buruzko dueto ezin eskasago bat kantatzea ez da tradizioa; estetika jakin bat esplotatzen duen iragarki bat da, 2016ko Super Bowlean jantzi zuen uniforme pantera-belzkara hura bezalakoxea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.