Patxi Zubizarreta.
Literatura. Hirudia

esaiozu ezetz Patxiri

2014ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
baina ea diplomatiko izaten asmatzen duzun!'. Adiskideak, ezustean, aitortu zidan eginak zituen zatikiak —hala deitzen zien bere idatziei, izan poema, izan gogoeta labur, izan mikroipuin—; bai, testuak txirikordatu, eta argitaletxe batera bidaltzera ausartu zela. Baina, astea joan, astea etorri, eta erantzun irrikatua etortzen ez. Orduan aitortu nion nik ezetzarena. Adiskideari sekretuka ibili izana leporatu gabe, txarrenerako prestatu nahi banu bezala, behin batez argitaletxe batera bidali nuen proiektuarena azaldu nion. 'Testua eta grabatuak genituen audio batzuk —gainkosturik gabe, alegia— liburu-disko batean argitaratzea zen ideia. Baina editoreak helbidea nahastu, eta laguntzaileari bidali beharrean, niri neuri bidali zidan maila': «Esaiozu ezetz Patxiri, baina ea diplomatiko izaten asmatzen duzun!».

Adiskideari ohiko irri firfira maleziatsua irteten ez zitzaiola ikusirik, sakoneko mezua ongi jaso zuela iruditu zitzaidan. 'Zu ere zerrendan zaude, hortaz', berretsi zuen, eta oraingoan nik ulertu ez niolakoan, gaineratu zidan asko direla, izan, editoreen ezezkoa jaso duten idazleak: 'Orwell-i horrela aitzakioten zioten: 'EEBBetan animalien istorioak ez dira salgarriak'; Jack London-i 'prosa negargarria' erabiltzea; Nabokovi Lolita mila urtez gutxienez zuhaitz baten ipurdian lurperatzea gomendatu zioten; Lampedusari jaurti zioten Gatopardoa nobelari naftalina usaina zeriola, eta erreakzionarioa zela; Marguerite Durasek lehendik argitaratua zuen nobela bati izenburua aldatu, beste izen batekin sinatu, eta editorearen ukoa jaso zuen, eta antzera gertatu zitzaion Doris Lessing idazleari ere…'. Parkean barrena genbiltzala, behinola hosto gorriztako pagoa, haritza edota sekuoiak bezala, ezezkoa jasotakoen zerrendarekin jarraitu genuen: Celine, Calvino, Garcia Marquez, Proust…

Egoera erlatibizatze aldera, adiskideari azaldu nion, beste batean —O tempora, o mores…—, Madrilgo editore batek halako fideltasuna edo eskatu zidala, betiere bere argitaletxea hautatzeko, han aintzat hartuko nindutelakoan (oso oker ez banago, euskal idazle bati fideltasunaz harago, esklusibotasuna sinarazi zioten), eta hara non bera izan zen, handik gutxira, beste argitaletxe batean buru hasi zena. 'Eta hala ere', amaitu nuen, 'gutxienez literaturzalea zen, ez gerora nagusitu izan diren eta niri arrotzak zaizkidan gestore edo teknokrata horietakoa. Horiek argi esaten dizute obra bikaina baino nahiago dutela salgarria: 'Argitaletxea negozioa duzu, industria, ez ongintza etxe bat'.

Iluna sartzen ari zela, parkean barnerago, soilgune batera iristean, adiskideak esan zidan Durangoko Azokan, ostera, beti betiko aurpegiak ikusten direla erakusmahaiaren bestaldean, hemen hauetan ez dela halako aldakortasunik antzematen. Isildu egin nintzen. 'Edonola ere, bai gauza ederra editore on baten konplizitatea izatea, zure obrari egindako oharrekin liburua hobetzen ikustea', gaineratu zuen.

Artean haserre samar originala utzi ez zidalako —edo ez: zeren adiskide artean ere, bai zaila norberaren iritzi benetakoa ematea—, galdegin nion ea bere testuarekin pozik geratu zen, ea gozatua hartu zuen hura idatzi bitartean; eta buruaz baiezkoa egin zidan, eta orduan bai, ohiko irri firfira maleziatsua irten zitzaion. 'Goazemazu ardo zuri bat hartzera. Badakit non ematen duten zuri gustatzen zaizun Enate somontanoa'. Eta nik pozarren onartu nuen gonbita (inondik ere zuriaren testura behar nuen eztarria gozatuko banu), eta isildu egin nuen editore fidel hura bigarren argitaletxetik bota egin zutela, eta kanporatua izan zen beste bat orain lagun artean diru eske dabilela, edota Felix de Azuari Autobiografia de papel liburuan irakurri berri diodana: «Ez oso aspaldi, Goncourt anaiak gai ziren balio literarioa ezartzeko, baita merkatuaren kontra izanik ere. Gaur egun saria bizi, bizi da, baina merkatuko logo gisa. Hala bada, antzinako kritika publizitatea nagusitu ahala aienatu da». Adiskideak, orduan: 'Patxi, eta laguntzaile hura nahikoa diplomatikoa izan al zen?'.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.